'Maleta'
Sekula ez da jakiten nondik iritsiko den hurrengo ezustekoa. Hainbeste argitaletxe daude, gehienak hain txikiak, kosta egiten baita jakitea nondik etorriko den hurrengo lilura.
Eta hara, bere lehen liburua argitaratu duen argitaletxe batek (nik dakidala, lehena izan da), Haria etxeak, euskarara ekarri digu The Suitcase ospetsua.
Eta ohar batekin hasiko naiz: hemendik aurrerakoa irakurtzen baduzu, jakizu intrigazko istorio honen misterio asko agerian utziko ditudala. Erabakia zurea da.
Lehen begiratuan harrigarri egin zait album honetan hain arin irudikatu diren pertsonaiak —marra beltzez inguratutako kolore masa soilak—, nola adierazten duten «bertakoak» zein animalia mota diren (untxia, hegaztia, azeria), eta nola «arrotzak» taxonomia ezezaguna duen (ez dago igartzerik, espekulazio bidez ez bada).
Istorioa garatzeko estrategian ere originala da, zeren ipuinak antzerki obra bat dirudi: oholtza gainean aktoreak hizketan ari dira, narratzailerik gabe, objektu bakarrak maleta bat eta haren barrukoak direlarik; dekoraturik gabe, salbu azken eszenako aulkia, mahaia eta etxola, berdin izan daitezkeenak materialak edo mihise batean margotuak.
Logikoa denez, gidoia garatzeko elkarrizketa da bidea, bai istorioak aurrera egin dezan, bai pertsonaien izaera ezagut dezagun. Hala, lehen eszenan hegaztiak ezezaguna ikusten du hurbiltzen, maleta handi bat dakarrela arrastaka, eta galdetzen dio: «Hepa! Adio! Zer dago zure maletan?».
Lehen hitz horiek nahikoak ditugu antzemateko irakurlearen jakin-mina izango dela aurrera egiteko motorra, testu soil eta zuzenen bidez. Galderak, jakin-nahiak, burutazioak sortuko zaizkio irakurleari, egoerak hartara akuilatuta; bai eta gakoa izango den maleta barruko objektuen zerrenda: te katilua, mahaia, kadira eta etxola. Zeren irakurlearen burmuinak eztanda egiten du pentsatzen nola litekeen maleta barruan horiek denak egotea (etxola bat maleta baten barruan?!), fisikoki ezinezkoa bada. Erantzunak harrituko du, eta konbentzituko, ziur.
Hurrengo orrialdean ezustekoa dago beti, orri oro. Ziurtatuta dauka irakurleak.
Behin osagai horiek denak martxan daudela, kontakizunak esfortzurik gabe egiten du aurrera, bidean topatuko dituen sariak jasotzeko prest. Izan ere, kontakizunak dituen bi une gorenak gozamen iturri bilakatzen dira hastapenetan, emozio bide ondoren, eta hausnarketarako proposamen azkenik.
Laburbilduz, albumak hausnarketa esentzialetara bideratzen du irakurlea, austeritate eszenografikoaren bidez. Edo beste modu batera esanda, egiteko modu horrek bidea ematen du adin eta gaitasun espektro zabaleko irakurle mota askorengana iristeko, proposatu nahi diren gai humanistak uler daitezen: migratzaileak, harrera, mesfidantza eta elkartasuna batetik. Memoria, iragan hautsiak eta hasiera berriak bestetik. Eta bi horien euskarri, humanitatea eta apaltasuna.
Azken hitzak argitaletxeak berak merezi ditu, irakurzaletasuna bultzatzeko ekinaldi ugariren motorra baita Saran egoitza duen Haria, orain argitalpen honekin egin duen bezala, ohikotasunez liburu saskiak banatzen ospetsu egiten ari den ekinaldi euskaltzale eta literaturazalea.