Liburu berria argitaratu du Castillo Suarezek, poz txiki bat gure literaturarentzat, poz handi bat poeta modura egin duen ibilbide oparoa maite dutenentzat. Sarrera labur batekin abiatzen da, hitz lauz, eta, hala, prosa poetikoaren bidez eraikitzen du idazleak poema bildumaren unibertsoa, testura, giroa. Lekualdatzen ari den emakume bat aurkezten du, harreman bat eten ostean desamodioak eta lagunen galerak mugitutako emakume bat, lotara logelatik gonbidatuen gelara joan den emakume bat, ametsak ere eraldatuko zaizkiolakoan. Orain inguruan ez dituen horiek noizbait egindako opariak, utzitako objektuak, bidalitako mezuak daude pasabidean, berea ez den etxean. Baina gorde egiten ditu, izan ere, «objektuetatik aldentzea litzateke onartzea inor ez dela haien bila itzuliko».
Sarrerak iragartzen duenez, sinbologia handiko lana da hau, emozio sakonak (galera, mina, arroztea) elementu indartsuekin lotzen dituena (armairuetako hutsuneak, zentral nuklearretako loreak, eukalipto suteak, adibidez). Izenburutik bertatik geratzen da hori agerian, Alaska, errepide ertzean abandonatutako hotela, galdutako espazioen sinboloa baita, ikusi aldiro iraganeko memoriak biziberritzen dituen eraikin hustua. Idazlea lehenagotik ezagutzen ez duenarentzat, harridura sortuko du bere idazkerak, eta intentsitate handiko irudiak parez pare lehertzen zaizkiola irudituko zaio. Aurretik irakurria badu, ordea, bide ezagunetan murgilduko da, baso arteko errepideetan, jakinik egongo direla ustekabean hartuko duten lerroarteak.
Izan ere, ohikoak dira Suarezek lan honetan darabiltzan gai eta irudiak, bere ibilbidean sarri erabili dituenak eta, azkenerako, bere poesian bereizgarri bilakatu direnak. Oihartzun berezia egiten du Irautera aurreko liburuarekin, continuum berean sortutako lanak balira bezala. Partekatzen dituzte irudi indartsuak sortzeko elementuak (elurra, galdutako behorrak eta animalia zaurituak, suteak, izozteak, basoa, euripean gidatzen duten autoak), eta partekatzen gai nagusiak ere (galera, hutsunea, dolua, antzutasuna, maitasuna, eta horiei aurre egiteko erresilientzia). Oro har, ideia batek zeharkatzen ditu poemak; hots, min ematen duenak eraldaketa dakarrela, mugitzeko beharra. Hori dela eta, liburua minak eta iluntasunak girotzen badute ere, ez da etsipena elikatzen, ezpada eusteko aldarria. Irautera-n zion gisan: «Nire poemak ez dira egundaino errendizio-ikur izan».
Liburuaren egiturari dagokionez, ez du eskema zehatzik, ez dago kapitulutan banatua, eta hasiera batean Alaskaren inguruan bizi den neskaren istorioa aurkezten bada ere, gero ez zaio hari horri jarraipen espliziturik ematen. Hortaz, liburuak ez du garapen argi bat, poemak ordenarik gabe irakur daitezke, elurraren gisara metatzen diren malutak baitira, bakoitza bakarra baina beste guztien antzekoa. Idazkera soilari eusten dio Suarezek, esaldi labur eta zorrotzen bidez. Horrek erritmoa zatikatua izatea eragiten du sarri, poema barnean etenuneak baleude bezala. Alde horretatik, lerroarteko hutsuneek eta isiltasunek garrantzi handia hartzen dute, askotan hor baitago poema bera. Hala ere, zenbaitetan zerbait galtzen da hor, efektismorantz egiten baitu isiltasunen erabilera sarriak, irudi indartsu edo lehergailu gisara funtzionatzen duten esaldiak sortuz, baina elkarrekin josi gabe. Muinera jotzean, ordea, hondamendiaren ederra agerian jartzeko balio badu poesiak, helburua lortu du poetak, zalantzarik gabe.
'Alaska'
Lekualdatzeko beharra
Idazlea: Castillo Suarez. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu