Ipuingile saiatua dugu Patxi Iturregi, generoari fidelak diren horietakoa. Izan ere, narrazio laburrari dagozkio orain arte argitaratu bere lan guztiak; berriki Bilboko El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratutako Estuarioa da azkenengoa. Liburua hamar ipuinez osatuta dago, eta ezaugarri batek batzen ditu: denak ere Bilboko itsasadarraren inguruan girotuta daude. Hala, ipuinak hurrenkera kronologikoan eman ditu autoreak, leku eta giro jakin baten bilakaera adierazteko moduan. Esandaiteke, beraz, liburuak baduela zentzu organikoa, eta, berez ipuinek elkarrekiko loturarik ez izanagatik, guztiek batera obra bakarra taxutzen dute, denboraz gaindiko mosaikoa.
Lehendik ezaguna zen Iturregiren itsas bazter eta portu inguruekiko joera; hortxe dago, esaterako, 2019ko Ur biren artean aipagarria zein aurreko zenbait lan. Estuarioa-n Bilboko itsasadarra darabil Bilboren —hau da, Euskal Herriko bilbe urbano eta industrial handienaren— bilakaera politiko, ekonomiko eta kulturala islatzeko. Iturregik XX. mendeko lehen erdialdetik hasi —gerra zibil garaikoa da lehenengo kontakizuna—, eta aro garaikidean amaitzen du bidaia. Gurmatan galdurik izeneko azken ipuinak egungo Bilbo eraberritu eta post-industrialean kokatzen du irakurlea. Liburuak Euskal Herriko iruditeria paisajistikoaz gogoeta egiteko ematen du, industrializazioak ekarri eta eraman zuenaz, tokiei lotutako identitateaz. Egituratik hasita, lekuaren konplexutasuna aurkezten zaigu, ipuinez ipuin identitate ñabardurez kargatuta aurkezten delako berau, mundu materialak zein gizakion harremanak zehaztuta. Horri metatzen doazen oroitzapenak erantsi behar zaizkio, azken narrazioko protagonistaren malenkoniak seinalatu bezalaxe. Ingurua ardatz hartuta gizarte aldakor baten erretratua eskaintzen du idazleak.
Ipuinak, espazioak elkartuta egon arren, ez dira zur bereko ezpalak, baina badute ezaugarri komunik. Esan legez,autoreak gizarte baten antzaldaketa marrazten du, eta nabarmentzekoa da narrazioetan emakumeek duten protagonismoa. Bestalde, gizarte gaiak suma daitezke, baina ez dira modu manikeoegian ageri; Iturregik asmatzen du, oro har, horiek tentsio narratiboaren gainetik ez jartzen. Orobat, giro politikoaren deskribapen hutsa egin baino gehiago, hura etxe giroko gatazka intimoen bidez azaleratzen da. Adibidez, frankismoko errefuxiatu baten ingurukoa anaia gaztearen begietatik dakusagu, edota Euskaldunako borroka langile baten alaba nerabearen ikuspegitik. Halere, ipuin batzuek neurriz gain kontatzen dutela iruditu zait, beren laburrean orohartzaileegiak direla, alegia. Ekintza gehiegi jasotzen dituzte, arrapaladan. Elipsien erabilera ona egiten dutenak —Egiturak eta mekanismoak— , erritmo motelagokoak —Hiru maitasun, Berri ona— edo amaiera eraginkorrekoak —Biziak, hilak...— dira osoenak. Esan eta isildu beharrekoaren dekantazio zorrotza behar du narrazioak —laburrak bereziki—, eta horretan gorabeheratsuak dira. Ez du horrek Iturregiren proposamen orijinal eta interesgarria zapuzten, jakina.
'Estuarioa'
Leku bat
Egilea: Patxi Iturregi. Argitaletxea: El Gallo de Oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu