HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Ilargiaren xuxurla'

Leihopeko hotsak

Idazlea: Juan Kruz Igerabide. Ilustratzailea: Manu Ortega. Argitaletxea: Giltza.

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Liburu hau maitatzeko hamaika arrazoi aurki ditzake irakurleak. Ni, partikularki, bere izaera leunak xarmatu nau: kontakizuna eguzkitan epeldutako errekarria bezain leuna dela esango nuke figura literarioak erabiliko banitu hitz biluzien ordez.

Haur literaturan istorio leun eta gozo ugari daudela kontuan hartuta, ordea, zergatik nabarmendu leuntasuna beste ezaugarrien gainetik? Bada, proposatzen den irakurle adinagatik, liburua 10 urtetik gorako irakurleei eskaintzen dielako argitaletxeak (eta gutxitan bezala ni ados argitaletxeen xede-adinarekin), idazlearen oniritziarekin, suposatzen da.

Liburua oraindik irakurri ez dutenek zertan arituko garen ulertzeko, jar ditzagun oihal baten gainean obra hau osatzen duten piezak.

Kontakizuna Mila eta bat gau bezala eraiki da, istorio nagusi baten barruan testu laburragoak batuz. Testu osagarriak, jakina, hari nagusia elikatzeko dira eta molde desberdinetakoak dira: gutuna, oroitzapena, poema, herri ipuina...

Narratzailearen ahotsa Urxa izeneko haur batena da, protagonista ekintzailea izan gabe, hainbat gertakariren lekuko eta parte hartzaile badena. Ziurrenera bere ekarpen handiena kronikari gisa egiten duen lana da, iraganeko hainbat kontu gogora ekarriz eta gertatzen ari direnak bere izaera leunaren (!) bahetik iragazita eskainiz.

Narratzaileak berekin ditu aita, ama eta neba; ezpal berekoak guztiak.

Kontakizuna Mali Okic deitzen den Esloveniako herrixka batean gertatzen da, Kroaziako mugatik oso gertu. Kokapena (mapetan ikus daiteke) gako nagusietako bat da kontakizunean, iheslariek muga inguru haietatik zeharkatzen dutelako, Austriarako bidean edo.

Gainera, Mali Okic inguru horrek duen izaera basatia giltzarri bihurtzen da kontakizuna borobiltzeko. Inguru haietan dute aitonaren etxe zaharra protagonistek, eta inguru hartan hartzak ibiltzen dira.

Halaxe hasten da kontakizuna, leihotik entzuten dituen hotsak hartzek eginak ote diren igarri ezinik, beldurrak jota dago gure narratzailea.

Leihotik entzuten diren hotsak, horra muina. Entzutean zer ote diren pentsatzea, eta pentsatzen jarrita irudimena piztea, eta irudimenak memoria, eta memoriak berriz ere orainera etorrarazi, eta buelta hasierako egoerara, leihoko hotsak entzutera.

Iraganetik orainera dabilen Urxak, iraganean hartzekin bizitakoak ekartzen ditu, familiako beste kontu batzuekin batera, gerrakoak ere bai, eta orainean iheslariak ezagutuko ditu, hartzak bezala, gauetan, leihopetik entzuten dituelako isilka, joanean. Eta eurekin bizipen berriak izango ditu, memoriara gehituko zaizkionak.

Sei ataletan eskaintzen zaigu kontakizun hau, zeina funtsean haur baten harridurarekin begiratutako mundu baten kronika errealista den, kronika leuna, gordinkeriarik gabe munduan gertatzen direnak deskribatu daitezkeelako. Eta parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.