'ZIBILIZAZIO HANDIAK'
Ez da ezustekoa historia liburu honen aipamena hastea adieraziz dibulgaziozko liburu oso gutxi ditugula historiari buruz eta, ziurrenera, hau dela mundu osoko ikuspuntu orobiltzailea eskaintzen digun lehena.
Liburuaren xedea historiaren igaroan munduko bost kontinenteetan izan diren zibilizazio handiak deskribatzea da. Eskertzekoa da, biziki, behingoagatik Historiako lau topikoetara ez mugatzea eta Afrika, Asiaren luze-zabala eta Ozeania mintzagai izatea.
Jakina, Europari dagokion atala da errazena eta ezagunena: Greziari, Erromari, bikingo eta zelta herrien inperio ospetsuei buruz ari da, bai eta ezezagunagoa zaigun zibilizazio minoikoari buruz ere.
Informazioa emateko garaian formatua errepikatu egiten da aldi oro: Zibilizazio bakoitzari bi-orriko bat eskaintzen zaio, ezker-eskuin. Informazioa txataletan ematen da, hondo kolore desberdinetan bereizitako testu eta irudiekin: beti ageri da mapa bat, beti aipatzen dira eraikinak eta kultura hartako topikoak, erlijioa, industria, artea eta, neurri batean, gizon eta emakumeen arteko arrakalari buruzko oharrak. Idazketa sistemak ere ia beti aipatzen dira.
Oso gustura irakurtzen dira informazio dosi txiki horiek, eta mundua zabal eta arrotz dela ohartzeko ederki balio digu.
Beharrik, bere mugak erraz erakusten ditu lanak, bai sakontasunean, bai eta gaien hautaketan ere. Testu eta irudi leihotxo horiek topiko aipagarrienetan jartzen dute arreta, hala nola mesopotamiarren gurpilaren erabilera iraultzailea, eta txinatarren asmakizun esanguratsuenak: zeta haria eta bolbora. Tarteka, ordea, orokortasunetan urrun joaten dira informazio multzo horiek, zeren gehiegizkoa da adieraztea «Antzinako Koreako» jantzi tradizionalak honelako eta halako zirela, ia 14.000 urteko epea hartzen bada. Eta gaiei dagokienez, hutsune handia da haurren munduak ez edukitzea bere informazio txatala behin ere, Koreako atalean mutiko eskolatuez eskaintzen digun informazio urriaz gain.
Itzul gaitezen, ordea, jakintza liburu hau sekulako oparia dela pentsatzera —hala baita—, informazio bilketa ikaragarri aberatsak eskaintzen baititu, modu irakurterrazean, azalpen hutsaletan arreta galdu gabe, eta sakontzeko adigaiak seinalatuz. Mami askorako orrialde gutxi diruditen arren, aski dira ezarritako bideak urratzen hasteko.
Iruditzen zait, gainera, ez dela liburu honen egileen errua informazioa ohiko topikoetara mugatzea, zibilizazio batzuez askoz aberatsago jardutea besteez baino, eta halako beste arrangura asko erakustea, ziurrenera Afrikako Punt, Aksum, Kush, Nok, Zimbabwe handia eta Beningo erresuma ardatz dituen informazioa ere ez da oso eskuragarria izango... ez dakit.
Amai dezagun gogora ekartzen euskaraz dugun bilduma zoragarria, Sendoa argitaletxeak 1980an argitaratua, argazki zoragarriz eta jakintsuen testuekin emana Japon, Txina, Egipto, Grezia, Mexiko eta Kanada izenburuekin.