Euskal Barrokensemble
Zikloa: Antzinako Musika. Taldekideak: Enrike Solinis (zuzendari artistikoa, lautea eta kitarra barrokoa), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Ismael Campanero (biolon), Daniel Oiartzabal (organo positiboa). Egitaraua:Concerto per Liuto: A. Vivaldi, F. Couperin eta F. J. Haydnen obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 2.Lautearentzat espresuki konposatutako eta moldatutako obrak aitzakiatzat hartuta, Euskal Barrokensemblek barroko italiarraren eta frantsesaren arteko antzekotasunak eta, batez ere, kolore aldaketak zabaldu zituen Donostiako 81. Musika Hamabostaldiko antzinako musika zikloaren lehen kontzertuan. Nahiz eskuan ez izan eskuragarri genuen programan pare bat aldaketa egin ondoren, J. S. Bachen musika betierekoa desagerrarazi zuten, Antonio Vivaldiren Trioak lehenesteko.
Izenondo ugari erantsidakizkioke taldearen sortzaile Enrike Solinisen interpretazioari, maisuki menderatzen baititu lautea eta kitarra barrokoa: malgua, dotorea, hegalaria, zehatza, sendoa; tarteka, denak batera ere bai. Hala geratu zen agerian kiribilez betetako apaingarriz eta aurreikusi gabeko itzuliz osatutako sarreran, publikoaz gain gainerako taldekideak ere liluratu zituena, begiak dir-dir.
Lautearen soinu berezia bere horretan balioesteko proposamen honetan, gainerako instrumentuak ere solista gisa aintzatetsi behar dira. François Couperinek Luis XV.a erregeari atsegin emateko helburuz idatzitako Quatrième Concert Royal osoa lau taldekideen arteko elkar ulertzearen eredu garbia izan zen, orekan bat eginez instrumentu bakoitzaren tinbreaz gozatzeko paisaia. Miren Zeberioren biolin barrokoak ziztada argiak eta fraseatze gustagarriak eskaini zituen, esaterako, Antonio Vivaldiren Trio sol minorren (RV 85) azken mugimenduan. Harmoniak betetzeko eta sostengua izateko lanak sublimatu egin zituzten Daniel Oiartzabalek eta Ismael Campanerok, organo positiboan lehena eta biolonean bigarrena, azken haren izena programan agertzen ez zen arren. Joseph Haydnen Cassatio do maiorren (HobIII:6) minueta eta Antonio Vivaldiren Trio re maiorren (RV 93) azken mugimendua bien lan akasgabearen erakusleiho izan ziren.
Bis gisa eskaini zuten Gaspar Sanzen Canarios dantzaren bizitasunak pentsatzera ematen du Euskal Barrokensemblek, bere izaera biltzen duten hainbat disko kaleratu dituen arren, zuzeneko kontzertuetan dutela arima. Ez dezagun arima gal.