KRITIKA. Antzerkia

Laurogeietan iltzatuta

Agus Perez.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

'La maniobra Heimlich (vomitando los 80)'

Ekoizpena: Mama Crea. Zuzendaritza: Pako Revueltas. Testua, dramaturgia eta zuzendari laguntzailea: Angel Mirou. Eszenografia eta atrezzoa: Mama Crea. Argiak eta soinua: Pako Revueltas. Jantziak: Enriqueta Vega. Antzezleak: Ainhoa Artetxe, Javier Barandiaran, Na Gomes, Ramon Ibarra, Enriqueta Vega. Lekua: Galdakaoko Torrezabal antzokia. Eguna: Azaroak 22.

Laurogeietan iltzatuta geratu ziren taula gaineko lau pertsonaia nagusiak, hain izan ziren zoragarriak gaztetan bizi izandako urte haiek! Edozer gauzak zirudien posible, eta, antzerki talde baten parte izanda, are gehiago.

Eztabaidak ere bazeuden, noski, denbora guztian gainera. Eta eztabaida haietatik asko ikasi genuen gu-guztiok, baina orain aspaldiko taldekideak batu egin dira ostera ere, eta orduko buruzagietako batek proposamen tentagarri bat botako die, ordura arteko statu quo izoztua leherraraziz eta bakoitza bere egia eta gezurren aurrean jarriz. Panorama osatzeko, eta kontraste aberasgarrian, haietariko baten alabak 1990eanjaioa beraiekin afalduko du eta dardarka jarriko ditu aspaldiko gazte haiek ezarritako zimenduak.

Angel Mirou testuaren eta dramaturgiaren egilea taldearen aurreko lanean ere aritu zen, gutxienez 2016ko Casa de muñecas, baina Pako Revueltasen gidaritzapeko antzezlan sail hau 2013an hasi zen Calla y come berritzaile harekin, performanceen eta antzezlanen arteko zerbait plazaratuta. Bitxia bada ere, aipatu bien izenez gain, Enriqueta Vegaren eta Na Gomesenak errepikatu dira hiru lanetan, eta Ramon Ibarra 2016koan ere egon zen. Horrek esaten digu lan ildo interesgarri eta emankor bat aurkitu duela Revueltasek, antzezleen naturaltasun eszenikoan oinarrituta eta komedia txatxuekin konformatzen ez diren ikusleei produktu inteligente eta nahiko aurreratua eskainita.

Proposamenak performance kolektiboaren itxura hartu duaurreko lanetan bezala, bide batez esanda, baina egile batek idatzitako testu baten gidaritzapean ibili da, antzezleak haren zerbitzura jarrita. Bide horretatik, sitcom erako egoera batetik abiatu da dena, itzalpean utzitako gezurrek eta egiek eztanda egin arte.

Performancetik hurbileko zintzotasun antzeztuari jarraituz, benetakotasun handia erakutsi du eremu eszenikoak. Afarian zehar, jaki kuzinatuak jan eta botiletatik edan dute garai bateko lagunek eta alabak, eta, horrez gain, era kontzeptualean sortu dituzte eremu eszenikoko beste osagai batzuk, esprai batzuekin idatziz edo marraztuz une bakoitzean behar ziren elementuak eta hamarkada hartako leloak. Musikak ere bere presentzia eduki du emanaldian zehar, Ainhoa Artetxeren perkusio eta thereminean, Na Gomesen gitarran eta bien ahotsean, eta antzezpenetan berebiziko distira erdietsi du Javi Barandiaranek, bizitzaren korapiloetan trabatuta geratu den pizti baten antzera, haietatik askatu ezinik eta maite dituen hurkoei min gehitua aurreztu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.