'Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak'

Laura eta Mirenen borroka biziak

Egilea: Leire Ibarguren. Argitaletxea: Txalaparta.

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu du Leire Ibargurenek Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak testigantza liburua. Azpeitiko herri ekimenetan buru-belarri zebilenean ezagutu zuen Ibargurenek Odriozola, eta, apurka-apurka, bere bizi arrastoen eta, batik bat, El Salvadorreko gerrako ibileren berri izaten hasi zenean erabaki omen zuen Mirenen bizitza bildu eta paperera ekartzea, nahiz eta hasiera batean Mirenek horren inguruko zalantza asko izan. Azkenean proposamena onartu zuen, ordea, Mirenek; eta Ibargurenek bestelako erronka bati aurre egitea erabaki zuen: El Salvadorren Laura ezizenez militatu zuen Miren Odriozolarekin batera borrokan aritu zirenen testigantzak biltzea, hain zuzen. Eta hori gauzatzeko, El Salvadorrera abiatu zen Ibarguren bera ere, testigantza indibidualari kutsu kolektibo zein afektiboa eransteko asmoz, eta baita lortu ere. Eta horrenbestez, liburuan Odriozolaren borroka bizipenak oinarri badira ere, testuan nonahi txertatzen diren Lauraren ingurukoen testigantzek, ezbairik gabe, Mirenen kontakizuna aberastu eta osatu egiten dute.

Ibarguren fin ibili da liburuaren antolaketa eta egitura zaintzeko orduan. Bi plano nagusi tartekatzen dira kontakizunean: El Salvadorreko gerrilla gerrari loturikoak kontatzen dira alde batetik, eta bestetik, Euskal Herrian izan zituen bestelako borrokak azaleratzen dira. Izan ere, Ekonomiako ikasketak egiten hasi, Bilboko gaileta fabrikako borrokekin jarraitu eta ETAkide izateagatik Frankismo garaian kartzelan pasatutako bizipenen ondotik ekin zion Mirenek latinoamerikar borroketan esku hartzeko asmoari. Eta behin Nikaraguara iritsi ostean erabaki zuen, Pakito Arriaranekin batera, El Salvadorreko gerrilla frontean barneratzea. Horrela, beraz, Gerran sanitaria gisa edota ardura gehiagoko postuetan pasatutako urte krudelak ditu liburuak hizpide nagusi (eta azkenean ireki zen bake itunaren eta ondorengo hauteskundeetako kontuen berri ere ematen du). Baina behin Salvador atzean utzi eta Miren Euskal Herriratzen denean ere Udalbiltzan egindako lanagatik izandako jazarpenaren berri ere biltzen du liburuak; hala nola, aurretik Mirenen Gerraundi jaiotetxeari loturiko beste hainbat pasarte ere bai.

Dena den, El Salvadorreko gerrako ingurumariek eta Ibargurenen konta-teknika argien plastikotasunak ikusgarri egiten dute eta, are, muturren aurrean zuzenean erakusten gerrilla bateko barne-bizitza gogor bezain krudela. Telebistaren aurrean begiak ixten direnean bezala, irakurle honek maiz urrutiratu du begirasuna liburutik, gerra sutsuko kontagaiaren ankerkeriak tarteko (umeekin loturiko pasarteez ari naiz bereziki), bihotza uzkurtzerainoko gertakariak narratzen baitira. Baina horretan ere asmatu egin du egileak kontakizunean, krudelkeria guztien atzean euren eskubideen zein mundu justu eta hobe baten alde borrokan dihardutenen sentipen hunkigarriak eta adiskidetasun adierazpenak tartekatu baititu, gerrillarien euren arteko eskuzabaltasunaren adierazle.

Azkenik, biziki nabarmentzekoa da liburu osoan emakumea dela gatazken subjektu, muin eta elementu nagusi eta halako kontakizunetan maiz bestela jasotzen bada ere, gerra garaian emakumeek duten esku hartzearen inguruan lezio bat baino gehiago ematen ditu liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.