Miarritzeko Maitaldia
Konpaniak: Julien Lestel, Gotra, Anne-Marie Porras, Nantesko CCN Lekuak: Miarritzeko Colisée, Kasino eta Gare du Midi antzokiak. Datak: Irailak 10 eta 11.
Era batean edo bestean, barne begirada bana ekarri dute Maitaldiaren azken egunotako lau lanek, eta Les âmes frères izan da lehena.
Bi lagunen arteko adiskidetasuna aztertzen duen pieza honetan Julien Lestel eta Gilles Porte izan dira dantzariak, eta izenburuak adierazitako anaitasunari men eginez, bien artean sortu dute koreografia ere. Ballet klasikoko maila gorenekoak izateaz gain prestakuntza fisiko itzela eta antzeko gorpuzkera dute biek ala biek, eta ezaugarriok funtsezkoak izan dira simetriak, paralelismoak eta ariketa fisiko kementsu eta dotoreak gauzatzerakoan. Max Hallesek, berriz, dekoratua sortu du argi-diseinuarekin, eta musikak —Art Zoyd eta Philip Glass— dentsitate dramatiko nabarmena eman dio lanari.
Jarraian ikusitako lana —Gotra konpainiaren Locked-in— indar handiz mintzatu da gizakiaren identitateaz, eta taula gainean bina emakume eta gizon aritu dira, haietariko bat Joost Vrouenraets koreografoa izanik. Lauren artean, ezinezko besarkadak, elkarrekiko mesfidantza, besteak ukitzeko beharra, aho estaliak, arrotzenganako arbuioa, ahopean esandako hitzak eta beste hainbeste emozio ilun plazaratu dituzte, maniki zatiak, arrainontzi bateko arrain txikia eta bonsai bat ere eremu eszenikoaren parte zirela.
Performance itxurako pieza honetan sakontasun onirikoa eta maila poetiko handia hartu dute dantzarien arteko oldarraldiek eta bortizkeria pasarteek, eta horretan, zalantzarik gabe, erabakigarria izan da Beethovenen 9. sinfoniako konpas eta nota zatikatuekin sortutako soinu-banda tragikoa.
Hirugarren lekuan, Casablancako (Maroko) konpainiarekin aurkeztu du Anne-Marie Porrasek Nadir lana. Nadir, arabieraz, eguzkia gauerdian dagoen posizioaren izena da, eta koreografoak Magrebeko gazte jendearen nahiak eta amets zapuztuak ekarri ditu eszenara, dantza garaikidea eta hip-hop akrobazia bikainak performance giroan integratuz. Gazteen amorrua eta irteerarik gabeko energia guztiz bat etorri dira soinu-eremuaren diseinuarekin, baina abiaduraren erdian tarte magiko bat ere izan da, Afrika beltzeko ahots eta soinuek gozotuta. Zortzi gizonen arteko emakume bakarrak ere rol esanguratsua eduki du, azken unean berarengan pausatu baitira poesia eta esperantza, eta proposamena hasierako kemen agortezinarekin bukatu da, lurraren indarra eta basamortuaren garbitasuna dantzaren bidez irudikatuz.
Azkenik, Nantesko CCNren D'indicibles violences estreinatu da Gare du Midin. Claude Brumachon koreografoak haragiari buruzko trilogia bat hasi du lan honekin, eta taula gainean zortzi gizon gihartsu aritu dira primitibismo handiko segida erritmikoak eta ariketa gimnastikoak egiten, giro musikal hotz eta neutroan murgilduta. Brumachonen nahia da keinuaren esentziara heltzea, eta mugimenduaren ikerketa hermetiko honekin lortu egin duela esan ahal da.
Kritika. Dantza
Lau barne begirada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu