Jose Luis Otamendiren liburu berri bat ospakizun izan ohi da gurean. Munduaren bazterrei eta edertasun keinu txikiei behatzeko duen gaitasunak ibilbide oparoa eskaini dio orain arte, literatura umiltasunez baina letra larriz ekarriz irakurleari. Landura jarri dio izena azken lanari, zeharrargia, gandua, lausoa den horrek ikusarazten eta ezkutarazten dizkigunak agertu nahian. Begiradari berari materialtasuna atxiki nahian.
Objektuek, alde horretatik, garrantzi handia hartzen dute bilduma honetan, Gauzetan poeman bertan argitzen duenez. Egunerokotasunaren bideetan dabil Otamendi, ilar-patatei eta garbigailuari adi, denboraren joanari edo herri honen itxi gabeko zauriei bezainbat. Eremu domestikotik egiten du hitz poeta etxekotuak, eta elementu, objektu, gauza horiek baliatzen ditu bai pandemiak eta baita gorputz-gogo adindu batek piztutako pentsamenduak, beldurrak, oroitzapenak, itxaropenak azaleratzeko. Ez da itxialdiari buruzko bilduma bat soilik, eta nabari da ez duela izan nahi; baina egia da ere oihartzun nabarmena sumatzen dela poema ugaritan, konfinamendua igaro eta handik bi urte eta erdira haren digestio geldoa iradokitzen dutenak.
Horrela, «mende biren arteko ibi estuan» kokatzen du bere burua poetak, mundu zaharretik berri bateranzko lekualdaketan, trantsizio horren kodeak deszifratzen. Adinak dakarren esperientziak kokagune bat ematen dio ahots poetikoa garatzeko, eta hala, aldizka nostalgiaz, aldizka eskarmentuz egiten dio so iraganari, etorkizunari, orainari. Bere burua desenkusatzen du sarri, adore eza eta suhartasun galdua aitortuz, gizaki egiten gaituzten akats horiek agertzeko beldurrik gabe. Beste patxada batekin begiratzen die gaztetako ametsei, ahaztu gabe beti borrokarako, lerratzeko beharra, pribilegioen jakitun. Otamendiren poesiaren bereizgarri izaten jarraitzen baitute justizia sozialarekiko zein bidegabekeriaren aurkako senak, gizatasunak eta, batez ere, umildadeak. Behin eta berriz nabarmentzen da bere izaera diskretua maitatzeko, borrokatzeko, idazteko duen eran. Indibiduoaren eta kolektiboaren arteko dialektika horretan, garai berriek dakartzaten talketan murgiltzen da.
Laburbilduz, geruza ugariko poemak direla esan daiteke, hiztegi bereziki aberatsa baliatuta, egunerokotasuneko tonu arina erakusten dutenak, batetik, baina ideia sakon eta kezka filosofikoekin korapilatzen direnak aldiro, artefaktu konplexua jarriz irakurlearen esku artean. Askotan zail egiten da ehundura horretako maila guztietara iristea, izan landurak lausotzen duelako ulermena edo poema gehienek ez dutelako ideia edo gai bakarra gordetzen. Hala, eman dezake sentsazioa nahas-mahas batena, poema bakoitzak poema asko biltzen dituenarena edota irudi dezake liburu osoa dela bere horretan poema bakar bat.
'Landura'
Landuraren ehundura
Idazlea: Jose Luis Otamendi. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu