Artea
'Lan grafikoak' (kolektiboa)
Lekua: Donostiako Arteko galeria. Noiz arte: urtearen amaiera arte.
Oraindik ofizialki inauguratu ez den arren, ikuslearentzat zabalik dago Donostiako Arteko galeriaren azken erakusketa, hainbat artistaren lan grafikoak osatua; besteak beste, Enrique Brinkmann, Unai San Martin, Ricardo Baroja Collet, Nori Ushijima, Manolo Valdes, Miquel Barcelo, Elena Asins eta Eduardo Txillidarenak.
Hamasei urte pasatu dira jada 90eko hamarkadaren erdialdean Arteko galeriak bere ibilbidea hasi zuenetik. 2006an Gros auzoan 180 metro koadroko espazio berrira aldatu zen, eta hor egin du gaur arteko ibilbidea. Galeriak artista multzo zabal batekin lan egitea erabaki du; ikusle orokorrarentzat ezagunak diren egileak darabiltza: Esther Ferrer, Dora Salazar, Elena Asins eta Eduardo Txillida, hain ezagunak ez diren Camara Gueyene senegaldarra, Joo Myung-Duck korearra eta bertako Ibon Mainar artista gaztearekin nahasten dira.
Kasu honetan, nahiz eta erakusketa berri honen inguruan ospe handiko hainbat artista biltzen diren, multzo horretako artista bakar bat izango dut hizpide: Unai San Martin eta hark erakusketan aurkeztutako Grass in the Fog artelana. Erabaki hori hartzearen arrazoia pertsonala da, 1964an Eibarren jaiotako artista horren lana azpimarratzekoa iruditzen baitzait, dudarik gabe haren hamarkada berean fama eta ospea lortu zuten hainbat artista euskaldunen pare. 2000. urte ingurutik, artista gipuzkoar horren lanak nazioarteko hainbat erakusketatan parte hartu du, besteak beste, Artiumen eta San Frantzisko hiriko MOMA museoan antolatutako erakusketetan. Bakarka, Donostiako Altxerri edo Madrilgo Caja Negra galerietan ikusi ahal izan dugu, baita AEBetako beste espazio pare batean antolatutakoetan ere. 2002an grabatuaren arloko Espainiako Sari Nazionala jaso zuen.
Grass in the Fog 2001ean sortutako artelana da. Heliagrabatu teknika Hahnemühle paper gainean erabiltzen du. Hauskor bezain garestia den paper alemaniar hori oso berezia da, gris tonu askotarikoen inpresio maila bikaina lortzen baitute bertan. Sormen munduan artistaren lana bezain garrantzitsua da horrek behar duen euskarria, eta, kasu honetan, San Martinen lanak ez zuen gutxiagorik merezi. Formatu txikiko irudiak (41 x 32,5 cm) mendiko paisaia bat aurkezten du; lehen planoan, belar gainean zuhaitz txiki bat gailentzen da, eta atzealdean laino itxi bat zabaltzen da. Konposizio sinple horren atzean psikologiarekin lotutako indar bat antzematen da. Artista eibartarrak elkarrizketaren batean komentatu duen moduan, naturak ez dauka sentimendurik, gizakia da irudiari sentimenduak gehitzen dizkiona, baina gure barrualdera biltzen gaituzten irudi horiek sortzerako orduan San Martin maisua da.
Nolabait, artista honen lanak ikusten ditudanean Luc Tuymans (Mortsel, Belgika, 1958) pintorearen lanak datozkit burura. Bien arteko harremana zuri-beltzaren erabileraren gainetik sortzen duten egoera psikologikoan datza, Tuymansek esango lukeen bezala: «ekaitzaren aurretik susmatzen den barealdia eta isiltasuna». Argiaren eta isiltasunaren arteko lotura berezi horiSan Martinen California Ligths seriean ikus dezakegu; fabrikenak diruditen teilatu askotarikoak ageri dira, zerua eta argiarekin irrealak diruditen konposizioak sortuz. Pertsonarik ez, tarteka eta bakarka txori edo zuhaitz adaxkak ageri dira, oraindik errealitatean eremuan gaudela gogoratu nahian. Isiltasun horrek ezkutuan zerbait gordetzen delako susmoa zabaltzen du, hau da, irudiaren planotik kanpo zerbait gertatzen ari delako susmoa, ezkutuan gordetzen diren beldurrek sortzen duten ezinegona.
San Martinek begirada pertsonal bat zabaltzen du bere artelanen bitartez, eta ikusle bakoitzak horiek interpretatzeko bide askotarikoak hartuko ditu. Hala ere, eta arteak oro har eduki dezakeen subjektibotasunaren gainetik, argi dago lan bikain baten aurrean gaudela, momentu jakin batean gordetako irudiaren atzean artelana biribiltzen duen mamia gordetzen baita. Lainopean gordetzen den belarraren antzera, artista honen lana ezagutzera animatzen zaituztet; horietako bat, beste artelan bikain askorekin batera, ikusgai egongo da Arteko galerian urte amaiera arte, harribitxi baten moduan erakusketako iskina batean zuek aurkitu zain.
Artea. Kritika
Lainopeko belarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu