KRITIKA. Musika

Lagun artean

Arkaitz Mendoza.
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun

Judith Jauregi



Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Donostia. Eguna: Abenduak 14.

Aurtengo Europako kultur hiriburutzaz harro dagoen Donostia hiriko telebista, idatzizko prentsa, irrati eta sare sozialak astindu dituen etxeko pianistarik famatuenak berrehun entzule soilik bildu zituen hiriko antzoki nagusian. Hau da hiriburutzaren helburua? Horrela zaintzen ditugu probetxuzko etxeko lehengaiak? Non daude hiriko kulturaz harro dauden politikari, erakundeetako agintari, musika ikastetxeetako irakasle eta ikasleak eta beste edozein musika kontzertu betetzeko prest dagoen publikoa? Mingarria eta sinestezina, hilabete kultural hauek koroatzeko erarik tristeena bizi izan genuen Judith Jauregiren errezitalean, herrian profeta izatea falta duela ikusita, harrigarria!

Diskoak, kontzertuak, orkestrak, hotelak, hegazkinak, joan-etorri luzeak disfrutatzen dabil azken urteotan Jauregi. Ibilbide luze eta neketsu honetan, bere izena mundura zabaldu du argudio boteretsuekin. Ez da geratu pianista on gisa, musikari betea baita Judithen piano teklatuak azaleratzen duena. X azkeneko diskoan Alexander Scriabin errusiarra omendu nahi izan du; indar handiko musika, bai dakarren tonazko pisuan, bai soinu kolore ezberdin pilaketa aberatsean. Jauregi pixkanaka girotuz joan zen, hasierako Scriabinen 5 preludioekin Frederic Chopin erlazionatuz. Balada bat eta Nokturno bat aski izan ziren bere adierazpide argiak erakusteko, beti emate nahian, melodia dotore apainduz. Aipagarria izan zen akorde bateratuetan ezkerreko eskuko nota baxua melodiaren aurretik entzutea; pianoaren garai bateko teknika izan ohi zen baliabide hori, eta guztiz bitxi eta xelebrea izan zen gaurkotasun hori.

Piano errezitalak dakarren erritu zeremoniatsuko atsedenaldian isiltasuna nabaria zen; entzundakoa barneratzen genbiltzan. Berriz ere agertokira, eta Karol Szymanowskiren 9 Preludioak emanaldiko harribitxi izan ziren; eder, galant, ameslari eta sorginkeriaz beteak.

Hiriburutza amaitzear dago, eta urte luze honetan hiriak kultura nola tratatu duen aztertzeko norberak atera beharko lituzkeen ondorioak begi bistakoak dira; bitartean, lagunen arteko epeltasunean bilduko gara, eskerrik beroenak Donostia Musika Ziklo txiki eta aberatsari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.