HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Eskularru beltzak'

Lady Lindaren desmasiak

Idazlea: Jasone Osoro. Ilustratzailea: Joseba Larratxe Josevisky. Argitaletxea: Elkar.

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Eskularru beltzak bilduma izateko bokazioarekin jaiotako endredo-literatura da.

Orain arte bi ale argitaratu dira. Bakoitzak 150 bat orrialde ditu, hainbat kapitulutan banatuta dago, eta zortzi ilustrazio dauzka.

Pertsonaia nagusiek 16 urte inguru dituzte, baina irakurle gazteagoentzako bilduma dirudi, ikusirik ekintzen sinpletasuna, pertsonaien urritasuna eta hausnarketen xalotasuna.

Lehenengo liburuaren eta bigarren liburuaren artean ez dago jauzi edota aldaketarik. Alderantziz, lehen liburuaren azken ekintza mezu baten igorpena da, eta bigarrenaren hasiera, mezu horren irakurketa.

Protagonistak hirunaka bildutako bi talde dira. Talde bakoitzak lider bat du, eta elkarren antitesia dira. Batetik, Beire eta bere taldea dago. Lete segaila eta Kar teknofiloa Beireren lagun minak dira, eta eskola hankazpian darabilen Sua taldea osatzen dute. Horiek dira gaiztoak.

Bestetik, Baba dago. Otso bakartiaren arketipoa jokatzen du Babak, zintzoa da, eta bertute moralak zaintzen ditu. Leire totelak eta Beyonce gizenak Babarekin hirukotea osatzen dute, eta Sua taldearen antitesia dira. Horiek dira zintzoak.

Izen eta guzti pertsonaia gutxi batzuk gehiago agertzen dira: Andrea Beireren beste etsai bat, Beruna JR boxeo gimnasio baten jabea eta Babaren lagun mina, eta Bufalo Kill, Babaren aita boxeolari-ohia eta mozkorra.

Barkatuko didazu totel, gizen edota mozkor bezalakoak erabili baditut. Propio egin dut. Izan ere, bilduma honen hutsegite handiena, nire iritziz, pertsonaia bakoitzari izendatutako ezaugarria narratzaileak behin eta berriz errepikatzea da, oso pisua egiten dena, eta, okerrena, pertsonaiei garatzeko aukera kentzen diena.

Egia esan, narratzailea bere lanean baldarra da: denari buruz hitz egiten du, baina nabarmena da askotan pertsonaiek ezin dutela berak adierazi bezala pentsatu edota sentitu, eta gertakarien jatorri edota ondorioa ez dela berak dioena. Ezinezkoa delako, esaterako, pertsonaia guztiek berdin arrazoitzea, eta gertakarien aurrean berdin jokatzea, nortasunik ez balute bezala. Nahasgarria delako narratzaileak esatea Babak «izaera isil baina irmoa» duela behin eta berriz, egoera guztietan bera izanik isildu gabe zirto borobil, sakon eta pertinenteak botatzen dituena. Eta horrela pertsonaia guztiekin. Agian pertsonaiei hitz egiten utziko balie, agian pertsonaiek sentitzen dutena esan, eta horren arabera jokatuko balute...

Eta klixeez ari garela, harrigarria egiten da endredo guztien jatorria bat eta bera izatea: elkarri ez esatea garrantzizkoa den horixe... ba ez, sekulako korapiloa hutsaren inguruan. Eta pena da, hitz egiten utziko balitzaie zer esan asko luketela ematen duelako.

Agian funtzionatuko du, amerikanuek edo batek daki nork ezarritako formula-literaturaren jokamoldea izango da, baina niri ez zait abiapuntu ona iruditzen pertsonaietan ez sinistea, eta irakurlea tontotzat hartzea. Irakurleak, duen adina duela, errespetu gehixeago merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.