HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Begiratu leihotik!'

Kuxkuxero!

Idazlea: Katerina Gorelik. Ilustratzailea: Katerina Gorelik. Itzultzailea: Amets Santxez Munain. Argitaletxea: Ibaizabal.

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bolognako haur literatura azokak, 2021eko ekitaldian, Begiratu leihotik! ere aukeratu zuen Ilustratzaileen Erakusketa ibiltarirako.

Liburu trokelatua da, handia (29x24 cm), eta 60 orrialde dituena.

Azaletik bertatik erakusten du zein den lan honen helburua eta mekanika: azal gogorraren erdi-erdian etxe bateko leiho bat dago, trokelatuta, erakusten diguna otso bat, behera begira, eta miazkatzen. Edonork esango luke etxe hartan badela norbait aurki otsoak irentsiko duena. Baina, azala biratzean, otsoa besaulkian eserita agertzen zaigu, (Txanogorritxuren) liburua irakurtzen, emozioak dantzan dituelako edo, ahozabalik, mihia kanpoan, begiak piztuta.

Bada, holakoa da barruko gainerako orrialdeetan aurkituko dugun jolasa.

Egileak badaki tentazioari ezingo diogula eutsi, ongi jakin ere hamalau aldiz erakutsiko digula etxe bateko leiho bat, eta guk hamalau aldiz galdetuko diogula gure buruari zer gertatzen ari den han barruan, nola litekeen gure begiek leiho artetik dakusatena ez izatea barruan benetan gertatzen ari dena.

Dirudiena eta benetan dena oso desberdinak izaten direla erakustea delako album honen jolasaren funtsa. Lezioa ematea, ohart gaitezen ez dela komeni iritzia aurreratzea, gauzak benetan zertan diren ongi argitu arte.

Istorioa itxuraz oso lasaia den auzoan gertatzen da. Etxe horietan ipuinetako pertsonaiak bizi dira nagusiki. Adineko andre «xarmanta», opilak kiskalita gosaltzea maite duen herensugea, Txanogorritxuren amonaren etxeko leihotik ikusten dugun otso ahozabala, eskeletoak agerian dituen botika etxea, zerrama gozogilea (zerekin egingo ote du orea?!)... Bakoitzaren ohiturak ezagutzen ditugu leihoa irekitzen denean bakarrik. Eta halaxe gertatzen da, hain zuzen ere, maizter beldurgarri bat zirudiena telebistako thriller baten aurrean makurtutako katu talde bat dela, dinosauro anker bat zirudiena pinguinoaren bainurako panpina preziatuena izatea...

Ezer ez da hasieran dirudiena! Irakurketa jolas bihurtzen da, eta orrialde-bira bakoitzarekin emozioa berritzen da.

Ilustrazioak arrosa zikin natural batean oinarritzen dira, marroiarekin eta zuri-beltzarekin lagunduta, kontrasterako gris urdinkara eta berde zikinarekin jokatuz. Iruditeriak Europa ipar eta ekialdeko marrazketa gogorarazten du, retro kutsu nabarmenarekin.

Azken hitz bat erabiliko dugu gogorarazteko Ibaizabal argitaletxeak tradizio handia duela mugimendua duten liburuen argitalpenean. Aipatzearren: pop-up erakoen artean, Kroko eta lagunak eta Lurra pop-up nabarmenduko ditut; azal hegalei dagokienez narrazio forma berriak bilatzen duten Katuntxia, Handia naiz bilduma eta Musuen etxea; irakurle kozkorragoentzako Madama butterfly zabalgarria, eta Maitagarrien belarrak sailkaezina.

Azkenik, guztien gainetik beti, Tomaxitaren etxe koxkorra dago, jolasaren, narrazio teknika berrien eta hizkuntz ahalmenaren neurgailu eta plazer iturri agorrezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.