Iñigo Arregiren 'Eskultura'
Non: Durangoko Arte eta Historia museoa. Noiz arte: Martxoaren 30a arte.
Euskal Herrian 1950eko eta 1960ko hamarkadetan sortu zen arte mugimendu abangoardistak, batez ere Oteizaren gidaritza indartsupean, sekulako eragina izan zuen iragan mendeko bigarren erdi osoan, eta gazte asko arte sorkuntzara bideratu ziren. Eskultore oriotarrak txunditutakoen artean kokatu behar dugu Iñigo Arregi (Arrasate, 1954), artista gisa lengoaia pertsonala garatu duena. Asteotan Durangoko Arte eta Historia museoak Arregiren lanak ditu erakusgai, erakusketa txiki bezain erakargarrian.
Lehen pausoak eskulturagintzan eman bazituen ere, pintura landu zuen ibilbide autodidatka izan duen artista gipuzkoarrak. Baina batez ere eskultura lantzeari ekin dio berriz ere azken hamarkadetan. Oraingoan, diziplina eta hainbat euskarritako piezak daude erakusgai, hala nola egurrezko erliebeak; kartoiz, tintaz eta arkatzez eginiko collageak; margotutako egurrez zein altzairuz gauzatutako eskultura lanak, gehienak tamaina txikikoak; eta lan grafikoko etsenpluren bat.
Oro har, figuratiboaren eta abstraktuaren arteko mugan mugitzen da artista arrasatearra. Zinez, objektu abstraktuak ditugu, baina, aldi berean, forma ezberdinak iradokitzen dituzte. Arregik trazu geometrikoak eta organikoak uztartzen ditu, modu orekatsu eta harmoniotsuan; lerro sigi-sagatsuak eta bihurriak gainjarri egiten dira hainbat planotan, sartu-irtenak eta itxura bihurriak sorraraziz.
Pieza eskultorikoak erakargarriak ditugu, sentsualak oso. Elkar gurutzatzen diren xaflez sortutako nukleo bat da gehienetan sorburua, eta hortik korapilatzen diren beso angelutsu eta borobilduak irtetzen dira, geometria eta kutsu biomorfodun itxura organikoak nahastuz, zenbait konplexutasun nabarmenekoak. Bata bestearekin soldadura beharrik barik ahokatzen diren xaflak ditugu funtsean, puzzle tridimentsionalak balira bezala. Kurbek eta kontrakurbek, lerro zuzenekin tentsioan eta jolasean, xafla metaliko ondulatuen arintasun efektua sorrarazten dute, material zurrunen malgutasun eta bihurkotasuna ezbaian jarriz.
Lehen itxura baten taxuera zakarra izan dezakete pieza batzuen azalerek. Zinez, akabera fina da, baina eskulana igartzen zaie. Ostera, kromatismoa —kasu honetan Arregik beste pintura lan askotan darabiltzan kolore biziak ekidin arren— aberatsa da oso. Okre, marroi, gris garden eta ilunagoek, argi-itzal eta kontraste efektu interesgarriak sorrarazten dituzte. Bere aldetik, aretoaren erdian kokatutako eskultura monumentalak, tamainagatik, baina batez ere kolore gorriagatik, beste piezen atmosfera kromatiko orokorrarekin maisuki hausten du.
Eskulturek ez dute aurrealde nagusirik, alderantziz, hainbat aurpegi agertzen dituzte, begiradak bezainbeste. Izan ere, inguratzera gonbita egiten dute, eta, orokorrean, perspektiba oso aldakorraren baitan —ikuspegi anitz eta bereziak, singularrak sortzen dira, ikuslearen posizioaren arabera— osotasun nabarmena agertuz, alde batetik edo bestetik herren geratu barik. Oro har, sarritan kanpoan tamaina handian kokatzeko egin arren, Arregiren piezek beren txikitasunean oso ondo funtzionatzen dute.
Lan bidimentsionalen funtsa ere, eskulturen lengoaia berari jarraituz, plano gainjartzeak dira, bolumena sortzeraino zenbaitetan. Bai kartoizko lan txikienek bai zurezko erliebe handiagoek kutsu piktoriko agerikoa dute. Denak erritmo biziko lanak dira, dantzariak, oso adierazkorrak, espazioan ondo ordenatuak.
Arregiren artelanek galderak jaurtitzen dizkiote ikusleari; ez dira itaun arrazionalak, formalak; sentsorialak, emoziozkoak baizik, lanak bezala, abstraktuak; eta erantzuna bilatu nahita, sogilea begiratzen jarraitzera gonbidatzen dute, bere aldetik, hark ere, arakatu eta miatuz, piezei galdeginez.
Oso arte modu intuitiboa da Arregirena. Begietatik erraz sartzen diren lanak ditugu, estetikoki potenteak, baliabide espresibo indartsukoak. Izan ere, lengoaia plastiko propioa garatu du, identifikagarria, heldua. Material bakoitzaren ahotsa entzuten asmatuta, maila nabarmena agertzen du hainbat diziplinatako lanetan. Izan ere, hizkuntza berbera darabil pieza guztietan, baina ez du berau agortzen, muturreraino baitaramatza mintzaira plastikoaren posibilitateak. Eskultore jantzia dugu Arregi, duda barik.
Durangoko Arte eta Historia Museoak aldi bateko erakusketa xumeak hartzen ditu, baina aldian-aldian balio bereziko erakusketak antolatzea lortzen du, eta hauxe dugu horietako bat. Aretoa txikia izanagatik ere, kasu honetan lanek ez dute indarrik galtzen; alderantziz, muntatze egoki eta zaindu baten arabera —egurrezko habe, zoru eta pertsianek, eta horma zuriek barne hartuta—, piezak oso ondo egokitzen dira espaziora, eta horien arteko elkarrizketa ahalbidetzen da. Erakusketa neurritsua dugu, zinez orekatua eta ikusteko atsegina.
Kritika. Artea
Kurbak eta kontrakurbak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu