Literatura. 'Errukiaren saria'

Kronikak eta kantuak

Idazlea: Iñaki Irazu. Argitaletxea: Erein.

PERU IPARRAGIRRE
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Iñaki Irazuren (Asteasu, Gipuzkoa, 1954) lehen poema liburua da Errukiaren saria (Erein, 2018). Urte luzez, baina, ikusi dute argia bere poemek, argia, eta doinua. Izan ere, Jabier Muguruzaren bakarkako ibilbide musikalaren hasieratik da haren bidelagun Irazu. Les Mecaniciens (1990-1993) taldearen hainbat kantuk dituzte bere hitzak, eta gaur arteko bidea egin daiteke Muguruzaren diskografian Irazuren poemen uberari jarraika. Errukiaren saria liburuan jasotzen dira musikatutako poema horietako asko, urteotan idatzitako beste hainbatekin batera.

Hiru atal ditu liburuak: Errukiaren saria, Kaja Bakarra, eta Zubiondoko gaztainatze. Atalak bainoago, hiru liburu bereizten direla esango nuke, euren baitan logika propioa dutenak. Liburuaren izenburu osoak, Errukiaren saria eta beste kronika batzuk, aditzera ematen duenez, kronika gisa irakur daitezke poema hauek. Poeta-kazetariak jasotzen ditu kronikok, lekuko gisa eta lehen pertsonan batzuetan, oroimenaren katean begi bat gehiago bezala besteetan, historia jaso eta ondorengoei ekarriz.

Lehen atala da luzeena. Historia ez hain urruneko pasarteak jasotzen ditu, eta postaletan ematen irakurleari. Malenkoniatsua da giroa hasieran, eta baita dramatikoa ere ia. Gerra Zibila du aipatzen, Segurtasun Indarren tortura, politizazioa eta militantzia, Erakundea, gatazka eta hilketak. Pausarik ez duen egunerokotasuneko paisaiak ere badakartza poetak, iragana eta oraina nahasten direlarik, gure baitan nahasten diren bezala.

Bigarren atala da laburrena, eta istorio bakar batek hartzen du nagusitasuna bertan. Beste ataletan ere lortzen du Irazuk poemak bata bestearekin lotzea eta, hala, batasuna ematea liburuari, kronikak bata besteari ainguratzea. Bizitza beste ageri da heriotza liburuan, baina sekula ez era zapal batean: ertzetaraino doa poeta, ñabarduretara, eta haietatik ditu kontatzen bizitza eta heriotza.

Hirugarren eta azken atalean daude musikatutako poema gehien, poema zaharrenak, pentsa liteke. Argi geratzen da poemek beren baitan ere badutela balioa eta bazutela liburu forman ere argia ikusteko garaia.

Estiloari buruz, kronikek eskatzen duten narratibotasuna daukate poemek oro har, nahiz eta badagoen lirismorako tarterik ere. Ahozkotasunetik gertu dabiltza orokorrean testuak, eta ugari darabil Irazuk elkarrizketa zuzena ere liburua populatzen duten pertsonaiei ahotsa emateko.

Hasierako poemetan erritmoa topatzea kostatu zaidan arren, aurrera egin ahala gustura irakurri ditut testuak. Ez dakit izan den Irazuren kadentziara ohitu naizelako edo hitzetan ia doinua entzun nezakeelako. Liburuaren tonu apala eta orokorrean tristea hausten duten poema batzuk ere badira, irakurketari arintasuna ematen diotenak, Muguruzak 2001ean kantu bilakatutako Etxera berandu heltzean, kasu.

Ortografiari dagokionez ditut zalantza gehien, batez ere apostrofoaren erabilerari dagokionez. Esan bezala, ahozkotasuna darie poemei, eta errezitatzeko edo kantatzeko aproposak direla esan daiteke. Pasarte ugaritan, ordea, muturrera darama ahozkotasun hori Irazuk, forma arkaikoak erabiliz: «Ne' lagunak» edo «T' alako batean» gisakoak. Irakurtzean, niri behintzat, kirrinka egin didatenak. Liburu heldua da hau, testu landuak dira, eta egilearen hautu honek harritu egin nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.