KRITIKA. Artea

Kromatismo emozionala

Menchu Gal margolariaren hainbat lan, hari eskainitako erakusketan, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Onandia Garate.
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
'Menchu Gal. Bizitza oso baten irudiak'

Non: Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, Gasteizen. Noiz arte: Maiatzaren 14ra arte.

Marrazkirik ez, kolorea eta trazu azkar eta soltea da nagusi Menchu Gal (Irun, 1919-2008) gipuzkoarraren pinturan, kolore biziek eta trataera sentsualek determinatua, irregularra bezain interesekoa. XX. mendeko euskal artista entzutetsuenen artean kokatu beharrekoa da Gal; azken urteotan, bere garaian artearen munduan eta kritikarenean lortutako onarpena jasotzen ari da instituzioen aldetik, eta Gasteizen denbora laburrean hari eskainitako hamaikagarren erakusketa ikus daiteke.

Txikitatik Montes Iturrioz iruindarrarekin ikasi zuen pintatzen, eta 13 urtegaz Parisen zen. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademiatik pasatuta, Frantzian igaro zuen erbestealdia, askotariko artista eta mugimendu piktorikoak ezagutuz. 1945ean kokatu zen behin betiko Espainiako hiriburuan; Vazquez Diaz, Gutierrez Solana eta Benjamin Palencia artistekin lan egin zuen, Vallecasko Eskolaren inguruan. 1940-1960ko urteetako zita artistiko garrantzitsuetan parte hartu zuen, baita nazioartean ere: Hego Amerikan, Veneziako Biurtekoan eta Londresen. 1959an, Espainiako Pintura Sari Nazionala irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Sekula ez zion margotzeari utzi, hil arte.

Produkzio oparoko artista da Gal: 70 urteko ibilbidean 600 obra baino gehiago gauzatu zituen. Vital Kutxako erakusketan, orotara, 73 olio biltzen dira, haren aro gehienak barne hartzen dituztenak. Naif izaerako eszenen artean konposizio liriko ederrak aurkituko ditugu: oro har, kutsu inpresionista —pintzelkada azkar eta solte— eta postinpresionista —kolorearen erabilera emozional— argikoa da, eta espresionismo fauvista bitalistaren eta sintetikoaren artean mugitzen da Galen pintura.

Erakusketan paisaia da protagonista nagusia, gehien landu zuenetako generoa, eta ospea ekarri ziona. Bidasoko badia, Hondarribiko bista urbanoak, Baztango bailara eta Gaztelako paisaiak dira koadroetako protagonistak. Hainbat garai eta eremutako lanak nahasten dituen muntatzeak margoen aniztasuna ematen du aditzera, baina bada ezaugarri komunik: pertsonaiak anekdotikoak dira, eta aberastasun kromatikoa agerikoa da guztietan. Itsas bistak, biziak —Nocturno III (1983)— eta minimalistenak —Hendaiako hondartza (c. 1972)— azpimarratuko nituzke, itsasoa, lurra eta zerua orban eta pintzelkada aske eta dantzarien bidez abstrakzioranzko joeran agertzen dituztenak.

Barrualdeetako lan apurrek ez dute lortzen kitsch kutsua atzera uzterik, baina nabarmentzekoak dira joera analitikoagoa, angelutsua eta sinpleagoa erakusten duten piezak —izan paisaiak, izan natura hilak—, tonu bizikoak batzuk —Eivissako paisaia (1962)—, kromatismo soilekoak beste batzuk. Izan ere, alderdi abangoardistenean lortzen du Galek maila piktoriko gailenena. Hala, 2013an EHUren Bilboko egoitzako erakusketa handian erakutsitako lan sintetikoenak, natura hilak nola, faltan sumatzen dira —zein beste euskal pintore hurbiltzen da kubismora Gal legez?—, gero artistak berak baztertu bazituen ere.

Beste artistei gauzatutako potretak eta amari eskainitako erretratuak ere —bat da erakusketan, gogor eta dotorea— egin zituen iruindarrak; ez omen zuen edonor pintatzen, soilik interesa pizten zioten pertsonak. La loca (c. 1961) izenekoan irudikatutakoaren begirada galdu eta artegagarria adieraztea lortzen du, baina erdibidean geratzen dira haurren erretratuak eta biluzi bat.

Ibilbide oparoko artista zen, eta pinturarekiko konpromiso argia eta espiritu librea erakutsi zituen, eta gizonezkoen mundu batean emakume izatearen zama ezinbestean pairatu zuen. Esandako guztiagatik, kontuan hartzeko eta aztertzeko artista dugu, duda barik. Alta, bere baitan ager dezakeen interesaz harago —ez da hau artistaren lan onenak aurkitzeko erakusketa, bai, ostera, lehen aldiz haren obrara hurbiltzeko egokia—, beste erakusketa bat gehiago da askoren artean, azken hiru urteetan Gali eskainitako harrigarriki ugarien artean: Irunen, Donostiako Kursaalean, Bilbon, Kanaria Uharteetan, Tolosan, Valentziako IVAMen, Malagan, Iruñean eta New Yorken ere bai —azken hori Cervantes Institutuaren eskutik, aurten Erromara doana—, besteak beste, denak antzekoak, Irungo fundazioaren funtsak beste erakunde batzuenekin osatuak, sarri katalogo mardul eta kanpaina mediatiko indartsuekin.

Oraintsu Oteizaren marrazki batzuen zilegitasunaren inguruko auzian legez, Galen erakusketen eta promozio artistikoaren atzean Lorenart galeria eta Valentziako IVAM museoa omen daude, interes publikoen gainetik probetxu partikularrak hobesteko asmoz —salgai diren obren prezioak puztu guran, funtsean—, Menchu Gal Fundazioaren izana eta funtzioa zalantzan jarriko lukeena, betiere Elena Vozmediano arte kritikariak gauzatutako ikerketa argigarriek diotenez. Atentzioz jarraitu eta argitu beharreko kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.