'Homenajea Billy el Niño'
Konpainia: Teatro del Barrio. Egileak: Ruth Sanchez, Jessica Belda. Zuzendaritza: Eva Redondo. Antzezleak: Jesus Barranco, Antonio Gomez, Jessica Belda. Lekua: Basauriko Social antzokia. Eguna: Urtarrilak 28.Juan Antonio Gonzalez Pacheco (Espainia, 1946-2020) ezagunagoa da Billy el Niño ezizenarekin. Kontaezinak dira haren biktimek jasandako torturen testigantzak, eta Argentinako Maria Servini epaileak haren kontrako eta beste lau polizia frankisten aurkako nazioarteko atxilotze agindua diktatu zuen, hamahiru torturaturen kereilari kasu eginez. Mila esker, Servini: esperantzari leiho bat ireki omen diozu.
Espainiar justiziak, berriz, uko egin zion akusatua entregatzeari —antzeko kasuetan ohikoa duen bezala—, eta torturatzaile frankista COVID-19ak jota hil zen 2020an, lau domina, maila-igoera eta pentsio gehituaren jabe. Orain dela gutxi kendu dizkiote ohoreak —edo esan dute kenduko dizkiotela, batek daki—, duela bi urte Madrilgo gobernuak zera esan ostean: «Egungo legeek ez digute uzten [Gonzalez Pachecori] dominak kentzen». Espero izatekoa zenez, ikusi berri dugun antzezlanean haren balentriak aletu eta agerian utzi dituzte atzean edo inguruan izan zituen garaiko politikari falangisten —ai, barkatu, demokrata peto-petoen— ezinbesteko babesa eta rol interesatua; haien artean nagusia Rodolfo Martin Villa izan zen.
Ikusleok aretora sartu bitartean, pantaila batean agertu dira hirugarren frankismoaren hastapenetako irudi ezagunak begiztan, betiere orduko politikariengan zentratuta. Felipe Gonzalez ustezko ezkertiarra, Malagako harakina, Atochako abokatuen sarraskia, Tejeroren estatu-kolpe fake hura, Ogasunetik ihes egindako errege magoa eta erregina ezin maiteminduagoa izan dira irudien protagonista bakarrak: kaleko mobilizazio etengabeari eta errepresio basatiari segundo eskas batzuk baino ez dizkiete eskaini.
Eszenaratzeari dagokionez, agertoki apala baina eraginkorra eratu dute, telebistako eztabaida-saio baterako prestatua zirudiena. Erdiko pantailan noizbehinkako beste irudi esanguratsu batzuk proiektatu dira, eta beste batzuetan egoeraren eskema dibertigarriak eta arduradunen arteko harreman-lerroak marraztu dituzte, berez antzerki dokumentala denari nolabaiteko arintasuna eta bizitasuna emateko asmoz. Alde horretatik, ondo asmatu dute bai planteamendu eszenikoan bai lanaren erritmoan, eta zuzeneko musikak eta pasarte dantzatu apalek beren rola jokatu dute emanaldian zehar.
Ezinbestekoa zen legez, torturatu batzuen testigantza latzak entzun ditugu ekintza eszenikoen artean tartekatuta, eta beste batzuk ikuspegi surrealistago batetik plazaratu dira. Adibidez, tortura gelatik arrastaka eta odoletan irteten edo hara joaten zirenen ibilera izutuei so zegoen erradiadorearen ikuspuntuarena, are gogorragoa egin zaiguna atxilotuen eskuburdinak han lotzen zituztela entzutean.
Amaitzeko, zehaztapen txiki bat: nik dakidala Euskal Herrian eta Katalunian eratu ziren frankismoaren kontrako mobilizazio eta erakunde nagusiak, eta Madril haien atzean ibili zen beti, periferietako lurrikara antifrankistak bultzatuta, baina Gasteizko zein Iruñeko polizia-oldarraldi hilgarriek bazterreko aipamen laburrak baino ez dituzte merezi izan. Ze erremedio, kontuan izanda Martin Villa izan zela haien arduradun politiko gorena! Ea azkenean Madrilgo presidente ultrak arrazoia ote duen esatean Madril Espainia bat dela Espainiaren barruan. Sentitzen dut, irakurle maitea: honako hau antzerki-kritika bainoago kritika politikoa izan da, baina noiztik dago antzerkia jarduera politikotik kanpo?