KRITIKA. Zinema

Krisien muturrerainoko bidaia

Arantza Santestebanen 918 gau filmaren irudi bat. BERRIA.
Andoni Imaz
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

'918 gau'

Zuzendaria: Arantza Santesteban. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 65 minutu.

Eguna ez, gaua da espetxealdiaren neurgailua, 918 gau filmeko irudi gehienei une oro gainera erortzen ari zaien gau horixe bera. Film politiko bat baldin bada, ez da bakarrik preso baten esperientziatik abiatzen delako—«beraz, preso politiko baten esperientziatik», zehazten dute kartzelakideen bizipenek: ez dago kontrol politiko bat gorputz horien guztien gainean?—, baizik eta Jean-Luc Godarden esan ezaguna ere gogoratzen duelako; alegia, zinema politikoa egitea politikaz aritzea baino gehiago dela zinema modu politikoan egitea. Izan ere, politikotik abiatzeak, film honetan, iruditik abiatzea esan nahi du, tesi batetik baino gehiago: formek gidatzen eta indartzen dute kolektiboaren, pertsonalaren eta intimoaren arteko bidaia.

Arantza Santestebanek oroitzapenen materialtasunean arakatu du: argazkiak ageri dira, dokumentuak, grabagailua... Gailuen bidez erakutsi du gogoratzearen prozesua, eta hala miatu ditu irudien bazter guztiak, irudirik gabeko mundu batean, erakusten denaren eta erakusten ez denaren arteko tentsioan: beti dago ikusezina den zerbait, irudi batek beti dauka beste bat atzetik.

Egilearen subjektibotasunak eusten dio narrazioari, eta esperientziaren bidezko gogoeten konplexutasuna zaila da ezeren alde edo kontra erabiltzen. Ez dago ustezko erdibide erosorik, baizik eta bilaketa etengabe bat, zalantza bizi baterako tarte bat.

Irudiek, soinuak eta isiluneek giro bat sortzen dute, eta giro horren barruan daude bizipenen deskripzio zehatzak eta eszenaratze landuarekin filmatutako pasarte abstraktuagoak, kontakizunaren aberasgarri, gorputzen eta espazioen arteko lotura modu harrigarrian filmatuz eta muntatuz.

Santesteban presente dago filmean, ahotsez eta gorputzez. Besteak beste Chantal Akermanen zinemaren tradiziotik dator haren saiakera zinematografikoa, eta tradizio horrek, feminismotik, haustura bat dakar zinemarekin berarekin, saiakeraren generoak —edo antigeneroak— lagundu duelako diskurtso garbiagoak sortzen: maiz, fikzioa eta dokumentala ez dira nahikoa irudikatu gabeko mundu hori behar bezala irudikatzeko.

Askotariko krisiek zipriztintzen dute 918 gau: pertsonalak, militantziarenak, politikoak, humanoak, irudi zinematografikoarenak... Eta, horren guztiaren erdian, argi egiten die galdera eta bide berriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.