Kritika. Antzerkia

Kresal usaina Tolosan

Agus Perez.
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
'Itsasoaren emazteak'

Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga. Antzezleak:Agurtzane Intxaurraga eta Miren Gojenola. Dantzariak: Oinkari dantza taldea. Lekua: Tolosako Leidor antzokia. Eguna: Uztailak 12.

Tolosaraino heldu da itsasoko kresal usaina Itsasoaren emazteak ikuskizunarekin. Estreinaldiaren gaualdian «Ez dago sarrerarik» errotulua zegoen Leidor antzokiko leihatilan, eta areto barruan ikusmin ikaragarria sumatzen zen ikusleen artean.

Jakina denez, Villabonako Oinkari dantza taldeak eta Hika teatroak sortu dute elkarlanean emakumea eta itsasoa batzen dituen ikuskizuna, baina musika izan da hasiera-hasieratik protagonista. Merezimendu osoz, gainera, Pello Ramirezek (Ordizia, 1966) sortutako partiturak kalitate sinfonikoa daukalako eta berarekin batera jo duten beste hiru musikariek ere —Angel Unzuk, Xabier Zeberiok, Fredi Pelaezek— soinu-banda bikaina eratu dutelako, hainbat hari instrumenturen eta teklatuen laguntzaz.

Musikariak eszenako albo batean egon dira, kaia eta arrapala itxurako egitura baten gainean, eta horrek, Xabier Lozanoren argi diseinu diskretuekin batera, ederto ahalbidetu du eszenatokiko erdigunea batzuetan itsaso eta beste batzuetan dantzarako agertoki izatea. Izan ere, dantza izan da emanaldiaren osagai nagusia, baina dantzariek itsasoko iruditegia gauzatu dute gehienbat, orain sarean josten orain trainerua lehorreratzen eta olatuen joan-etorria makil dantza eta arin-arin artean irudikatzen. Dantza hutsezko pasarteetan, aldiz, argia izan da Kukai dantza konpainiak aspaldian sorturiko eragina, are gehiago kontuan izanda Maider Oiartzabalen laguntza jaso dutela estilo garaikidearen alorrean.

Bide horretatik sortu dira itsaso eta gizonaren arteko amodioa bezalako pasarteak, eta horrek zuzenean garamatza proposamenaren muinera, non forma-perfekzioa ez da izan sentimenduak eta bihotza bezain inportantea. Agurtzane Intxaurragak berak esan duenez, «ez baduzu emoziorik sentitzen, ez duzu gogoetarik egingo», eta, bihotzari kasu eginez, itsasoari lotutako emakumeen irudikapen poetikoa nagusitu da emankizunean zehar.

Emozioen ildotik hitzak eta olerkiak etorri dira, ahoskera garbiko bizkaiera estandarrean, bihotzak hala eskatzen zielako erro bizkaitarreko aktore biei. Testuek itsas alboko emakumeen bizipenak jaso dituzte —betiere era samur eta dotorean—, eta haien artean bereziki polita iruditu zait eskuei eskainitakoa. Hitzak, musika, dantza... bat etorri da dena itsasoari errespetu eta haren emazteei begirunea aldarrikatzean, eta enbataren eszena indartsuaren ostean txiki geratu da eszenatokia dantzari guztien agerraldietarako, eta are txikiagoa ikusleen txaloetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.