Musika. Kritika. Donostiako 47. Jazzaldia

Kontzertu bikaina

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Jimmy Cobb

Lekua: Kursaaleko auditorioa. Eguna: uztailak 19.

Jimmy Cobb, 83 urteko bateria jotzailea. Kind of Blue, mundo osoan ezagunena eta jazz jarraitzaile guztiok etxeko apalean dugun diska horretako grabaketan parte hartu zuten musikarietako azkena dugu gaurkoan Viktoria Eugenia antzokian. Nasa-ren ikurra duena txapela buruan, betaurreko beltz handiak eta ia sorbaldaraino iristen zitzaizkion galtzek, alkandora zaharra biltzen zutelarik agertu da irribartsu entzulearen aurrean. Zalantzarik gabe jazz jotzaile handi baten piura.

Jazzaldiko saria jaso ondoren, arratsaldean, Conversation Around a Drum Kit proiektua eskaini du hirukote formatuan: Larry Coryell gitarra jotzailea eta Joey DeFrancesco organu jotzailearekin batera. Proiektuaren sortzailea Jimmy Cobb izan arren, zalantzarik gabe aipagarria da Larry Coryellek eskeinitako kalitatea eta interpretazio bizia eta ikusgarria hirukote honetan.

Hasiera emateko, gitarrak esaldi errepikakorrak eskaini ditu, organoak konpasen bukaerak apaintzen zituela, Cobbeen perkusio interpretazio aldakorra, heldua eta egonkorraren testuinguruan. Zehatza, segurua eta lasaia izan da orokorrean Cobbek baterian eskainitakoa. Momentu batzuetan gehiago ere espero genezaken bere bi kideen teknika eta birtuosismoarekin konparatzen badugu. Kantu baten hasieran baketa galdu du, baina bere bizitasuna eta kontrolpea gaur egun ere mantentzen duela argi uzteko, zazpi minutuko bakarkakoa eskaini du perkusio instrumentu guztiei etekin handia ateratzen, indarra eta goxotasunarekin jolastuz, errekurtso erritmiko ugari azalduz. Ez genuen gutxiago espero nor den eta zein musikarirekin parte hartu duen jakinik.

Larry Coryell, country, blues eta bop estilotan influentzia handiko gitarrista da, 40 bat proiekturen buru eta beste askotan parte hartzaile moduan. Aipatzekoa da hauen artean Paco de Luciarekin batera eskaini zuen proiektua Europako herrialde ugaritan. Ziuraski azken honen eraginez, gaurko kontzertuan Cobben eskakizun berezi moduan, bakarkako gitarra interpretazioan Ravelen Bolero-ren bertsio berezia eskaini du, «Interpretazio eroa» hitzekin deskribatuz umore ukitua emanez, entzulearen arreta mantentzeko eta kontextu hotza apurtuz.

Joey DeFrancesco berriz, musikari berezi eta harrigarri horietakoa da. Organoaren interpretazio bikaina entzun dugunean, argi utzi du musikari aparta dugula aurrean, nire iritziz hiruetatik aipagarriena, baina hori gutxi balitz, bere trebezia erakutsi du, eskuineko eskuarekin sordina jarrita duen trompeta goxotasun handiarekin jotzen hasi denean, ezkerreko eskuaz eta hankekin organuarekin lagunduz, akordeekin eta baxuaren funtzioa eginez lasaitasuna eta segurtasun handiena azalduz. Zalantzarik gabe etorkizunean askotan ikusi eta entzungo dugu bere izena.

Conversion around a drum kit oso atsegina izan da, kanta estilo desberdinak, blues influentzia eta esaldi ugari, momento biziak eta indartsuak kasu batzuetan, trompetarekin lagundutako kanta lasaiak eta erromantikoak beste batzuetan. Instrumentu bakoitzarekin eta musikari bakoitzak eskeinitako teknika aparta bakarkakoetan eta horren guztiaren ondorioz entzulearen txalo ugari eraman du. Zalantzarik gabe, aurtengo saria meritu handiarekin irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.