Literatura. 'HERENSUGE GORRIAREN URTEA'

Kontuz ibili hor kanpoan!

2014ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Egilea: Eneko Aizpurua.

Argitaldaria: Erein.

Jokatu al dezake ertzain batek nobela beltzetako detektibearen papera? Horra galdera sinple eta, aldi berean, korapilatsu bat. Areago joanda, galde dezakegu: zentzurik ba ote dauka betiko nobela beltz mardul eta bizi horietako batek, euskaraz?», galdetu zuen plaza honetan bertan Lander Garrok iragan azaroan.

Oztopoak oztopo, eta Garrok dioena aintzat hartuta, nik esango nuke sinesgarritasuna literaturak berak bermatu behar duela. Literaturaren esku baitago, uste daitekeenaren kontra, sinesgarritasunaren auzia, sarri errealitatearen esku uzten bada ere. Eneko Aizpuruaren (Lazkao, Gipuzkoa, 1976) kasuan asko laguntzen du, jakina, bere detektibe nagusia, Mikel Egileor, gain behera datorren kazetari malurusaren zantzu guztien jabe izatea, eta nobelan erabiltzen den terminoa erabilita, ez izatea «zomorroi» (ertzain) bat. Hala ere, Herensuge gorriaren urtea (Erein, 2013) bere bigarren nobela honetan harilkatzen duen narrazio ildo nagusia sinesgarritasunaren gorazarretan idatzita dago, zenbaitzuetan nobelari aurrera egitea kostata egiten zaion arren.

Itzultzaile lanetan diharduen Aizpuruak Fortunaren izena (Iruñeko Udala, 2008), eta honako hau gisara Uzta Gorria bilduman bertan argitaratutako Errauts (Erein, 2011) nobela beltza zituen kaleratuak. Herensuge gorriaren urtea honetan ere, aurrekoan bezala, Mikel Egileor kazetariak Goierriko eskualdean izandako hilketa baten korapiloak askatu behar ditu. Radu izeneko errumaniar ijito bat hil omen du Benetako Euskaldunak talde eskuindarrak. Nobela beltzaren osagai guztiak (hilketak, negozio ilunak, kazetaritzaren itxurakeria, enpresen ustelkeria eta protagonistaren harreman kaotikoa) orekaz uztartuz gainera, Euskal Herrian etorkinek pairatzen duten egoeraren berri eman nahi du nobelak, soziologian erori gabe, erritmo biziz, eta handikeriarik gabeko istorio gardena eskainiz eman ere.

Genero beltza maite duen irakurleak gustura irakurriko ditu Egileorrek Donostia, Goierri eta Londres artean bizi dituen pasadizoak. Izan ere, nobelak geografietan eraikitako sinesgarritasuna, berriro ere sinesgarritasun saindua, du berebiziko sendotasuna. Geografia horietan guztietan egokiro kokatzen ditu Aizpuruak pertsonaiak: zabor jakiak eta alkohola grinatsuki maite dituen Egileor bera, Goikoetxea kazetari instituzionalagoa eta hari lana eskaintzen diona, Egileorren bikotekide Maite, Gonzalez gizarte-bitartekaria, Herensuge Gorria lepoan tatuatua duen ustezko hiltzailea, txatarra bilketan diharduten Radu eta Adrian ijito errumaniarrak, Joseba tabernaria eta Lin denda-saltzaile txinatarra…

Etorkinen egoera tentuz kontatuta dago, Egileorrek berak distantzia ironikoa darabilen gisara, idazleak ez du erabiltzen populismorako joera erraza, eta zehaztasunez islatzen ditu etorkin ezberdinen arteko distantziak, klase ezberdinen arteko distantziak direnak alegia: kasten arteko azkenak diren ijito errumaniarrak, politiko eta enpresari euskaldunen diru-gosea asetzen duten txinatar enpresariak…

Nobelak, izatekotan, aurrera jarraitzeko zailtasuna du, nolabait esatearren, ahuleziarik nagusiena. Zenbaitzuetan narrazioak indarra galtzen du, amaiera lar aurreikusi daitekeelako-edo. Amaieran bertan, hilketen korapiloak askatzerakoan, kazetaritza kronikari dagozkion lar azalpen ematen dira nire gusturako, klimax baten faltan agian. Baina horrek ez du baldintzatu behar irakurterraza den nobela honen balioa. Idazleak, berriro ere, sinesgarritasuna lehenetsi baitu sasi guztien gainetik, eta globalizazio-errealitatearen miseriak ez dira beti ikusgarrienak izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.