KRITIKA. Musika

Kontrolpean

Arkaitz Mendoza.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Concertgebouw ganbera orkestra

Kontzertinoa: Michael Waterman. Pianoa: Ben Kim. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Apirilak 7.

Igande arraro bat. Ganbera orkestra ezagun batek ikusmina sortu beharko luke musika zaleen artean, baina harmailetan butaka gehiegi hutsik zeuden. Igandea, ordua, futbola, auskalo zergatik! Kalitatea ziurtatua genuen, baina erantzuna ez zen parekoa izan; aztertu beharreko jarrera. Kontzertua primerakoa izan zen, ziur aski ez oso ikusgarria, baina entzuten ari ginen musikak barne tripak ondo ekoiztuta eta sasoi onean zeuzkan. Sei lehen biolin, bost bigarrengo, lau biola, hiru biolontxelo eta kontrabaxu bat. Ganbera orkestra txikia, baina nahikoa. Ez zegoen haize instrumenturik, eskaini beharrekoa hari instrumentuetan oinarritzen baitzen.

Goi mailako musika eratze honen osagai guztiak tenperatura bikain batean ageri ziren: bakoitzak bere instrumentuan gauzatzen zuen soinua, taldearen bateratasunean biribil txertatuz, inongo protagonistarik gabe. Michael Waterman kontzertinoak ez zuen keinu berezirik egin behar biolak bigarren biolina entzuteko edota denek biolontxeloen harmonia enborrean murgiltzeko. Bakarlari bat ekarri zuten, Ben Kim amerikarra pianoan, eta Mozarten Pianorako KV414 Kontzertua ederki interpretatu zuen. Ederki bai, zoragarri ez. Ondo txalotu genuen, baina Mozartek dakarren energiaren eta melodiaren islatzean epelegi aritu zen, espresiobidean egokitasunetik atera gabe. Orkestraren maila bakarlariaren gainetik egon zen, eta hori ez da sentsazio oso ona izaten.

Kontzertu hasieran jorratutako Anton Webernen Langsamer Satz M78 obran loreztatutako soinu argitsua Johannes van Bree ezezagunaren Allegro-an gehiago indartu zen, honako honetan hari laukote egituran ordenatuz, talde bakoitza zelula mamitsu bat izanik. Azkenik, hain famatua den Anton Dvoraken Serenata. Bertan, ganbera taldea libreago zebilen, dena hain kontrolpean izateak dakarren hoztasunetik aldenduz. Biolak etekin onean, bigarren biolinak lehenengoei galdera-erantzun desafioan bero, eta biolontxeloak soinu burrunba dotorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.