'Begi igarokorra.Irun Zineklubaren proiektua'
Non: Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa).Noiz arte: Apirilaren 24ra arte.Hezkuntza sistemak ezarritako ereduez gaindi formatzeko aukerak askotarikoak izan daitezke. Horren eredu, besteak beste, adierazpen artistikoetatik abiaturik proposatzen diren hausnarketak zein egiteko erak. Curriculum zurrunak astintzeko asmoarekin kritikotasunaren kritikotasunez pentsatzera gonbidatzen baikaituzte.
Hori da, alegia, Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian mostrak aurkezten duena. Erakusketak 1957tik 1979ra bitartean egindako zenbait hezkuntza-proiektu bistaratzen ditu, garaiko panoraman azaleratu ziren kezken aldarri. Artearen funtzio soziala aldarrikatzen zuten egitasmoak eta proiektuak aurkezten ditu, hala. Testuinguru horretan kokatzen da zehazki Oteiza museoan egituratzen den ikerketa lagina: Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua. Erakusketa proiektu bihurturik, 1961eko Arte Astean parte hartu zuten hainbat artistaren lanak dokumentu grafikoekin eta artxiboarekin uztartu dituzte, ikusleak perspektiba osotu bat bereganatzeko asmoz.
Artiumek Oteiza museoarekin lankidetzan eta komisariotza kolektibo baten pean ehundutako proiektua da hura, Mikel Onandia, Rocio Robles Tardio eta Sergio Rubira baitira kuradoreak. Bada, bi instituzio artistikoen artean egituratutako komisariotza proiektuaren ikerketa kasua da Altzuzako Oteiza museoan kokatutako Begi igarokorra. Irun Zineklubaren proiektua mostra.
Izan ere, Jorge Oteiza bera izan zen 1958. urtean Irunen leku hartu zuen proiektuaren bultzatzaileetako bat. Hamabostean behin egiten ziren proiekzioak eta ondorengo tertuliak, zeintzuetan adituen parte hartzearekin publikoa hausnartzera bideratu nahi zuten. Halaber, proiektua ez zen horretara mugatzen, solasaldiekin batera liburutegi espezializatu bat sortu baitzuten; eta, aldi berean, jardunaldi anitz antolatu baitziren urteek aurrera egin ahala.
Horietako bat da 1961. urtean egin zen Arte Astea, zeinetan garaiko adierazpen artistikoetan oinarritutako programa zabal bat osatu zen, askotariko euskarri, hausnarketa eta adierazpenak uztarturik: zinema, musika, erakusketak... Halatan, mostra egituratzen duten euskarriak askotarikoak dira: pintura, eskultura, proiekzioak, musika... Eta bi espaziotan banatzen da.
Lehenik, garaiko adierazpen plastikoetan oinarritutako erakusketa aurkezten zaigu. Erakusketa espazioarekin lehenengo kontaktua izan bezain pronto, biolin soinuak sumatzen dira lehenik, eta, bigarrenik, tamaina ertaineko pintura abstraktu bat, nolabait ere ildo hori mantenduko duen erakusketa batean barneratzen garela iradokiz. Espazioaren hondoan Rafael Ruiz Balerdiren pintura bat agertzen da, horma zurian eskegita, eta begirada harrapatzen digu guztiz.
Alabaina, hura atzean utzi eta ezkerretarantz bira egiten dugunean, nolabaiteko kontrasteez ohartuko gara. Bertan, 1960ko hamarkadako artisten lanak uztartzen dira, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko tirabirak eta auziak agerian utzirik. Artearen Astean bistaratu ziren hainbat artistaren lanak dira horiek, eta, oso era eraginkorrean ehundurik, testuinguru hartako hausnarketa ildoak azaleratzen dira.
Biolin soinu zorrotzak erakarrita, jardunaldi hartatik ateratako egunkariak, idatziak, grabazioak... aztertzeko aukera izanik, hausnarketa zabaldu eta inguruan ikusten dugunarekin ehuntzen da. Era berean, bigarren espazioan bistaratzen diren euskarriekin lotura bat bideratzen da.
Lehenengo espazioa atzean uzten dugunean, zineklubaren jarduerekin lotutako dokumentazioa dago bitrinetan kokatuta; nolabait ere, zineklubaren eginkizunak askotarikoak izan zirela adieraziz. Halaber, hori ikusirik, zineklubean proiektatutako bi film ditugu erakusketan: Javier Agirreren A ras del río (1964) eta Javier Zuatzuren Txapeldun (1968).
Bada, ikus-entzunezkoak dira deigarrienetan deigarrienak. Izan ere, ikusle gisa horiek ikusteko aukera dugularik, ez dugu izanen ondorengo solasaldirik. Bai batak, bai besteak garaiko testuinguru zehatz bat helarazten digute, ikuspuntu bat, molde bat. Begirada bat, zeinak, mostran sortzen diren erritmo eta kontrasteekin uztarturik, Irungo zineklubean egituratu ziren ildoak igortzen dizkigun.