KRITIKA. Artea

Kontaktuaren indarra

2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun

Irati Inoriza. 'Blue: Contact line: Red'

Non: Montehermoso Kulturunea, Gasteiz. Noiz arte: apirilaren 28ra bitarte.

Montehermoso Kulturuneak, Proiektu Artistikoak 2018 deialdiaren barruan, beste artista gazte baten proiektua ezagutzeko beta emango digu hurren hilabeteetan. Izaro Ieregiren erakusketaren lekukoa hartuz, oraingoan, Irati Inorizak izango du artista gazteentzat hain beharrezkoa den ikusgarritasuna izateko aukera, Blue: Contact line: Red izenburua daraman lanarekin.

Titulua irakurrita, hasiera batean nahiko kriptikoa izatearen itxura du proiektuak. Hala eta guztiz ere, behin erakusketa barruan egonda, behin erakusketa ikusita, proiektuaren sintesi perfektua izan litekeela ulertzen da berehala.

Gorria eta urdina. Gasteiztar askok Baskoniaren koloreekin erlazionatu omen dituzte. Anekdota hutsa. Koloreak erabat anekdotikoak dira. Ez baitute inolako esanahi sinbolikorik; historikoa agian, tradiziozkoa, baina tradizionalki urdina eta gorria erabili beharrean horia eta morea erabili izan balira, horiek izango lirateke erakusketa taxutuko luketen koloreak.

Koloretako LED argiek ikusleen begiradak seduzitzen dituzte pasilloko espaziora sartutakoan. Ezkerretara, kolore urdin bizi batek argiztatzen du atzealdeko espazioa. Burua eskuinaldera biratu eta aurrekoarekiko parez pare dagoen gelatik, aldiz, argi gorri bizia nagusitzen da. Bat ala beste, aukera egin behar. Bi kolore elkarri begira; bi kolore, elkarren aurka. Gorri ala urdin, apustua egin behar. Faboritoaren aldera mugituko dira oinak.

Pasilloaren bestaldean dagoen aretoan dago erakusketaren ardatza, muina, nukleoa, nahiz eta bertaratzeko aldez aurretik aipatutako hautua egin beharra dagoen. Bertan igartzen da zer gorriren eta zer urdinen alde jokatu duen ikusleak. Nahiz eta honek azken finean garrantzirik ez izan batere. Berriz ere anekdota hutsa da: borroka libreko saio bat.

Gorputzen arteko kontaktua da interes berezia hartzen duen elementua, emakume gorputzen arteko etengabeko kontaktua. Koreografia bat jarraitzen duten gorputzak dira, batak besteari nondik heldu, nondik bultza eta horren arabera bestearen gorputzaren mugimenduak eta keinuak erabat baldintzatzen dituena. Koreografiak, gehienak, aurrez pentsatuak edo gutxieneko egituraren baten bidez bideratuak baldin badira, eta horren baitan, koreografiak keinu artifizialen multzokatze gisara uler baldin badaitezke, kasu honetan bi gorputzen arteko komunikazioa eta erlazioa benetakoa da, zuzena da. Haragiak elkarren kontra daude, elkar zapaltzen dute, elkar eraldatzen dute, batak bestea definitzen du mugimenduetako bakoitzean, eta horrek baldintzatzen du jarraitu beharreko hurrengo pausoa.

Gorputzen arteko kontaktu fisiko eta elkarri eragite zuzenak dira artistari ikertzea interesatzen zaizkionak. Eta kasu honetan gorputzak estaltzen dituzten jantzi urdin eta gorri horiek dira kontaktu-gune horiek definitzen dituztenak. Urdina eta gorria, izenburuak esaten duenez, kontaktu-lerroak dira. Ez bata bestearen aurka dauden elementuak, baizik eta bata bestearekiko definitzaileak.

Mundu birtualaren bidez eraikitzen diren elkar-harremanak inoiz baino presenteago ditugun gizarte honetan, badirudi elkar ukitzearen bidezko harreman fisikoen garrantzia eta eraldaketarako hauek duten ahalmena ahaztuta dugula, edo, behintzat, bigarren plano batean utzia. Beharrizan hau azalera ekarriz, berau osatzen duten elementuak aztertzera jo du Irati Inorizak, aitzakiatzat borroka librea hartuta.

Bi kolore, bi gorputz, bi elementu. Gorria, historikoki pasioari eta biolentziari lotutako kolorea, kontaktu fisikoa bera, eta ukimenean sakontzeko erabilitako oinarria izan da. Mugimenduen nondik norakoa, horiek hasi aurretiko prestaketak eta gorputz errealekin dantzan hasi aurretik aurrez ikasi beharrekoak biltzen ditu kolore horrek. Bestetik, urdina, tradizionalki purutasunari, lasaitasunari eta transzendentalagoa denari lotu izan zaiona aurkezten da. Haren barruan, gorputzaren barne autokontrolaren beharra, eta mugimenduen atzean dauden barne ezagutzaren garrantzia —norberarena eta bestearena— azpimarratzen dira.

Utz gaitezen ukitzen, utz zaitezte ukitzen, harremanak izaten, harreman fisikoak izaten, norberak bere buruarekin, baita besteekin ere; eta ikusi, sentitu, hausnartu. Entzun zure gorputza eta entzun besteena ere. Eta izan eta eraiki dezagun geure burua kontaktu muga eta kontaktu lerro horiek dakartzaten eraldaketei atea irekiz; kristalezko pantaila eta plastikozko teklatu hotz eta bizigabeen ukitzea, haragi bigun, moldagarri, bero eta bizidunengatik trukatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.