Haur eta gazte literatura. 'Barruko hotsak'

Konposizio poesia

Idazlea: Leire Bilbao. Ilustratzailea: Maite Mutuberria. Argitaletxea: Pamiela.

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Poesia liburu bat dugu esku artean, Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk izenekoa.

Azal gogorreko liburu luzanga da (25x16 cm), ehun eta hogei orrialdekoa, hamar ataletan banatuta dagoena.

Obran azaltzen diren poema guztiak egituratuta daude egun baten bueltan: jaiki, garbitu, gosaldu, eskolako bidea hartu, hango zereginak egin, etxera buelta, afaldu eta lotara. Gutxi-asko, eskola ume batek errutinaren erritmoan egunero bizi dituenak.

Hasierako atalak seina poemarekin garatzen dira, etxetik abiatu artekoak deskribatzen. Hurrengo atalak olerki gehiagokoak dira —hamabi aleko pare bat atal daude liburuaren erdiko gontz lana egiten—, eta amaierakoek, etxerako itzuleran, seiko poemen erritmoa berreskuratzen dute.

Liburua hasi eta buka, ni poetiko garbi bat hizketan bezalaxe ari zaio irakurleari, unerik une egiten dituenak azaltzen, obra osoa zeharkatzen duen tonu naif batean. Esaterako, liburuko lehen olerkia hau da: «Nire barruko animaliak/ nirekin esnatzen dira./ Kukurrukuuuuuuuuuuuuu!/ Iratzargailuan zortziak dira./ Buru gaineko kalparra/ harrotzen hasi da».

Bereziki poesiaren alde bisuala, fonikoa eta espaziala lantzen da. Sarri-sarri onomatopeiak erabiltzen dira lantegi honetarako. Ugarienak klin-klin, glu-glu, tik-tok, sshsshss... bezalakoak dira; olerkiaren barruan dagokien lekuan agertzen dira, grafikoki testutik apartatzen bai tamainaren, bai kokapenaren, bai bestelako baliabideen bidez (difuminatuak, tipografia aldaketak...). Soinuaren eta esanahiaren jolas honetan dena ez da onomatopeia ordea, tarteka agertzen dira-eta ezaugarri bereko hitz eta esaldiak ere: «txiiiiiiiii......za!» (txiza zarrastara baten irudia osatzen letrekin), «erratza pasatzen» (letrak elkarren kontra).

Hasierakoetan irriari lotutako olerkiak aurkituko ditu irakurleak. Esnea bero dagoela, zerealen zarata dela... irribarretxo konplizea atera nahian. Eskolako olerkietan tonua hunkiberagoa da, beste emozio batzuetara pasata, introspektiboagoak («Burua apurtzen nabil/ krik krak, krik krak/ intxaur oskola bezala./ Beti ez da erraz bereizten/ mamia eta azala»), edota maitasunezkoak («Musu guztiek ez dute kolore bera/ puxika gorri baten eztanda/ izan behar zurea»), besteak beste.

Ezaugarri komuna dute poema guztiek: ni poetikoak apenas du interakziorik inguruarekin, irakurleari ari zaio barne mundua erakusten.

Promoziorako iragarkietan Leire Bilbao - Maite Mutuberria tandemaren Xomorropoemak eta beste piztia batzuk sariduna aipatzen da aurrekari bezala, baina egiletzak ekar lezakeen parekotasunetik aparte, beste obra batzuk gertuago daude. Batetik, boz gora irakurri ezin diren olerkiak direlako, saridunaren kontrara, eta alde honetatik Iñigo Astizen Joemak eta polasak askoz gertuago dagoelako, esaterako. Baina antzekotasun bila aritu nahi balu norbaitek aurrekari zintzoago du Joxantonio Ormazabal handiaren Hitzak jostailu, hots eta grafia jolasetan, zein naiftasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.