Egilea: Jamaica Kincaid.
Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra.
Argitaletxea: Erein.
Arrotz zaigun egile baten lana lehenengoz eskuratzea beti da kitzikagarri, eta zer esanik ez, lehen gerturatzea euskaraz egin badezakegu. Karibeko Antigua eta Barbuda uharteek osatzen duten nazioan du jatorri Jamaica Kincaid-ek (1949), baina 17 urterekin, Amerikako Estatu Batuetara bidali zuen familiak handik mantenduko zituen itxaropenean. Urte batzuk geroago, The New Yorker-en idazten hasi eta 70eko hamarkadarako egile ezagun bihurtua zen. Nolanahi dela, uharteetako bizi esperientzia izan du material agorrezin, izan fikziorako, izan gogoetarako, Nire amaren autobiografia honetan gertatzen den bezala. Hau ez da biografia bat, hala ere. Memorian gordetako egintzak gogara maneiatu eta aldatu ditu egileak. Bestalde, uharteetako emakume genealogiatik baliagarri izan zaiona hartu du, eta berdin, historiatik komeni zitzaiona, horrekin guztiarekin fikzio bat osatzeko, hain zuzen, bere amaren belaunaldiko emakumearen istorioa irudikatzeko. Irudikapen hori Xuela Claudette Richardson andrea da eta bere biziaren bakarrizketa dugu eleberria. Fikzioa Dominika uhartean gertatzen da, Britainiar kolonizazioaren ondorioz, bertako karibetarrez hustu eta Afrikako esklaboz bete zuten uhartean. Arrazakeria mailakatua pairatzen duen herri eta garai batean kokatzen gara; beraz, piramidearen goialdean gizon zuri britainiarra dugula, mestizoak hurrena, beltzak geroago, eta karibetar ia desagertuak azkenik.
Eleberrian ez da elkarrizketa-lerro bakar bat ere. Prosa joriz, mintzo-parrasta aurkezten zaigu Niaren pentsamenduz, deskribapenez eta gogoetez mukuru. Ni honek bi obsesio ditu, aita eta ama, eta noiz bati jarraika, noiz besteari, bagoaz narrazioan aurrera. Ama, uharteko azken karibetarra, Xuelaz erditzean hil zen eta hura ezagutu nahiak eta ezinak modelatzen du Xuela. Harekin batuz uko egiten dio zapaltzaileen ohiturei; hots, Britainiar Inperioko erlijioari eta hezkuntzari, zeinak hizkuntzaren eta historiaren bitartez zapalduak euren artean zapaltzaile bihurtzea duen xede. Xuelak, emakume den neurrian eta ez zuri, gizon zuriaren eskubide eta legitimitaterik ez duela badakien ahots samin sumina du. Apika, mingostua ere bai, klase arraza eta genero bereizketek markatzen dituzten injustiziei aldaezintasuna darielako, haren ustean. Askok egilearen obretan etsipenezko mingostasun hori ikusi izan du eta begirada ilun pesimista azpimarratu. Duda gabe, ez du esfortzurik egiten kolonizazioaren historia zuritzeko; ez aitzakiarik, ez barkamen hitzik. Baina aurrezaurreko eskakizunik ere ez dago. Aldaezintasuna onartu eta orainean geratzen da ekintzara iragateke. Bere buruaren ezagutzan eta jabetzan aurkitzen du nazio berria, garaitu duten nazioa ordezkatuz. Gorputza ezagutzeko eskaintzen duen denbora, esate batera, edo bere indar sexualari ematen dion arreta, bestela, indartsu eta misteriotsua da, uharteko beste hainbat espiritu eta indarren antzera. Eta hori guzti hori, non eta mendebaldeko edertasun kanona beste kolonizazio mota bihurtu duten lekuan. Beraz, bere gorputzaren eta ahotsaren aldarri erabatekoa da. Nola bestela, jaiotzean abandonatu zuen aita kolonizatzaileen zerbitzura jarritako polizia makurra izanik. Hura duenez bigarren obsesio, behin eta berriro deskribatzen du hark diruari dion grina, ahulari dion mesprezua, eta zapaltzaileen eskaileretan duen posizioa, den-dena arreta biziz jarraituz. Hain zuzen, arreta gupidagabe hau da eleberria kohesionatzen duena, pertsonak biluzi eta deskribatzeko Niak duen arreta. Sentipen mingotsa eragin diezaioke horrek zenbaiti, begiratu eta epaitu egiten baitu ezer berririk proposatu gabe, norbere baitako lurren konkista beste helbururik gabe.
Literatura. 'NIRE AMAREN AUTOBIOGRAFIA'
Konkistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu