'Gipuzkoako artista berrien 2015-2016ko programa'
Non: Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Noiz arte: Apirilaren 30era arte.Azken urteotako errituari jarraituaz, inauguratu da aurtengoan ere Gipuzkoako artista berrien programaren barruan hautatuak izan diren artistekin eginiko erakusketa. Hauek omen, beraz, 2015-2016. urte honetan Gipuzkoako artista gazterik oparoenak: Xare Alvarez Berakoetxea, Izaskun Alvarez Gainza, Nadia Barkate, Elisabeth Dominguez Ran, Julen Garcia Muela, Ivan Gomez, Ane Meoki eta Mikel R. Nieto.
Aretoetatik bueltaxka eman, eta lehenengo hiru geletan sartzea nahikoa da ohartzeko bertan topatuko dena kolore, itxura, forma eta klase ugarikoa izango dela. Eta hori normaltasunez hartu beharra dago, edo ulergarritasunez behintzat, ikusten ari garen erakusketa lehiaketa baten emaitza dela kontuan harturik. Mezua, izenburutik bertatik hasita, argi eta garbi dago: hauek dira azken urte honetan Gipuzkoan lan azpimarragarriena egin duten artistak; etorri, eta ikusi, dastatu, behatu eta gozatu, ahal bada behintzat, bakoitzaren lana. Hau da eta, une honetako gipuzkoar label artistikoaren iturburua.
Jorratutako gai, erabilitako teknika, landutako material, modu eta euskarrien aldetik, guztizko aniztasuna ikus daiteke Koldo Mitxelenako aretoetan: DIYaren estilotik hurbil dauden proposamenak —hala nola Julen Garcia Muelaren proiektua—, gaur egungo teknologiak txertaturik dakartzan instalazioetaraino —Izaskun Alvarez Gainzaren lana—, tartean, nola ez, eskulturak, marrazki, mural, ilustrazio, instalazioak eta bideoak topa daitezkeelarik. Esan bezala, denetarik ikus daiteke; ikustetik, erakusketa nagusiaren barnean, izaera propioa duen beste erakusketa bat ere topa baitezakegu Ivan Gomezi dagozkien aretoetan barneratzerakoan. Azken honekiko kontrapuntu moduan, aldiz, objektuen saturaziotik alde eginez, Mikel R. Nietoren zolitasuna, isiltasunaren absentzia eta presentziaren arteko jolasarekin eta Ane Meokiren minimalismoz eraturiko artxibo pertsonalaren argitaratzea. Esan bezala, denetarik.
Maiz, eta modu honetako lehiaketetan ohikoa denez, badirudi, bertan dauden artisten eta haien praktikak elkartzen dituen lokarri bakarra haien lurraldetasuna eta adin tartea direla. Hala eta guztiz ere, eta agian, Koldo Mitxelenako sotoaren oinplano arkitektonikoa ere lagungarri delarik honetan —erdialdeko sarrera ardatz harturik bi aldeetara topatzen diren espazioak ia simetrikoak baitira—, simetria horretan pasieran, ardatzaren albo banatako espazioak mentalki elkartu egiten dira, biak fisikoki hormez eta beste areto zentral batez banandurik badaude ere.
Batean, Nadia Barkateren proiektua; bestean, Xare Alvarez Berakoetxearena; programako lanik interesgarrienak hauek. Espazio fisiko zurruna dago alde batean, iraganeko espazioaren zati ziren lagin arkeologikoak, pieza bakoitzak bistaraturik dituela historiak eta denboraren iragateak utzirikoak diruditen orban agerikoak. Bestean, Barkateren eskutik, espazio oniriko eta malguan galtzen gara, zuri-beltzezko marrazki eta ilustrazioen artean, errealitate zurrunetik ihes egin, eta jada hain barneraturik eta naturaltzat joak ditugun objektuen formekin jolas eginaz.
Espazioaren tratamenduaren inguruan, Elisabeth Dominguez Ranek eginiko instalazioa ere aipagarria da, keinu txikien bidez, objektu eta materialak modu ezberdinean tratatuz, ariketa metodikoen bidez, horien esanahiak eta erabilerak zalantzan ipintzea lortu du artistak.
Hala eta guztiz ere, ez nuke idazlana amaitutzat eman nahi, erakusketarekin batera proposatzen den jarduera programari aipurik egin gabe, agian, nolabait, erakusketa hau borobiltzen duen zurtoina baita hori, hiru adaxkakoa, non oraina, iragana eta etorkizuna —hala esaterik bada— elkartzen dituen bere barruan. Izan ere, aurtengo irabazleen saretzea bideratzen baitu egitarau horrek, iraganeko irabazleekiko topaketa bermatzen du, eta, era berean, baita tailer bat proposatu ere artistek etorkizunean izan ditzaketen beste aukerei begira dosier, statement edo aurkezpenen inguruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak artista berrien programa hau kulturarekiko duen konpromisoaren gorazarre egiteko erakusleiho gisa erabiltzen duela ukaezina da —gora konfeti festa—; hala ere, eta bestalde, artista gazteentzat beraien arte produkzioarekin aurrera jarraitzea ahalbidetzen dien laguntza da honako hau, beraien lanak publiko zabalaren aurrean aurkezteko plataforma bikaina, eta publikoarentzat, aldi berean, oraindik ere hain ezagunak ez diren artista gazteen lehen kapa eta estratuak ikustekoa. Zoritxarrez, horrelako aukerak gutxi izaten dira.