Kritika. Gasteizko 37. Jazzaldia

Konexioa eta gospela

Los Angeles Crenshaw Gospel Choir abesbatzako kideak, herenegun Mendizorrotzan. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Javier Colina eta Kirk Lightsey, eta Los Ángeles Crenshaw Gospel Choir

Lekuak. Principal antzokiaeta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 16.

Aurreko urteetan bezala, Principal antzokiaren lehen kontzerturako, Konexioa izeneko atalerako, hemengo eta kanpoko musikarien batuketa hautatu dute. Aurtengoan, Javier Colina kontrabaxu jotzaile nafarrak eta Kirk Lightsey pianista estatubatuarrak hasi zuten Gasteizko Jazzaldia. Jazz formazioetan ohikoak dira pianoak, bateriak eta kontrabaxuak osatutako hirukoteak, baina ez, ordea, bikote moduan, bateriarik gabe, herenegun entzun genuen bezala. Horrek, agian, adierazpen aukerak mugatzen ditu; are gehiago, elkarrekin jotzeko ohiturarik ez daukaten musikariak direnean. Hala ere, hori ez zen oztopoa izan saio horretan. Oholtza gainean zeuden bi musikariek lagun arteko elkarrizketa bat garatu zuten ordubete eta erdi iraun zuen kontzertuan.

Hirukoteetan protagonismoa pianoak edukitzen badu ere, bikote honetan maila berean aritu ziren biak. Colinak argi utzi zuen kontrabaxua ez dela erritmoa markatzeko tresna hutsa, eta trebezia handia erakutsi zuen melodiak garatzen. Konplizitate handia sumatu nuen bi musikarien artean, Javierren ekarpenek noizbehinka Kirken algarak eragiten baitzituen. Oro har, kontzertuan zehar aire latinoak eta jazz klasikoa tartekatu ziren, eta baita flamenkoko ukituak ere Javierren aldetik. Kirk piano jotzailea izateaz gain, zeharkako flauta ere menperatzen du. Harekin egin zuen saioko pieza abstraktuena, ordura arteko estilo melodikoarekin zeharo apurtuz.

Ohitura ere bada Mendizorrotzako lehen saiorako gospel talde bat ekartzea. Aurten, Iris Stevensonek gidatzen duen L.A. Crenshaw abesbatzak ireki du egitaraua. Irisek berak eman zion hasiera saioari Schillerrek alaitasunari dedikatu zion oda ospetsuaren lehen notak pianoan joz. Izan ere, alaitasuna izan zen nagusi kontzertu horretan, oso erritmo biziak eta koreografia ikusgarriak erabili zituztelako ia ekitaldi osoan. Dena dela, molde bakarreko taldea ez dela erakutsi zuten, eta estilo ezberdinak jorratu zituzten. Beltzen espiritual batzuk (Swing Low, Sweet Chariot tartean) abestu ondoren, soul erritmoak eta baladak ere egin zituzten. Swahiliz ere abestu zuten Irisek moldatutako abesti batean (Ile Gbogbo). Ahots onak dituztela agerian utzi zuten saioan zehar. Guztien artean, nik Irisena nabarmenduko nuke. Gutxi kantatu zuen, baina une horietan gaitasun handia, modulatzeko erraztasuna eta erregistroak aldatzeko ahalmena dituela agerian utzi zuen bizitasun handiko emakume adineko honek. Musikariek ere bere tartetxoa izan zuten solo batzukegiteko, nahiz eta garbi zegoen protagonismoa ahotsek zutela. Oh Happy Day ezaguna kantatzeari ekin ziotenerako, Mendizorrotzako ikusleak zutik eta txaloka zeuden. Kaliforniarrek dena eman zuten eta jendeak eskertu zien. «Eskerrak bihotzez» esan zigun Irisek gaztelania traketsean, eta When The Saints GoMarching In abestiak amaitu zuen saio luze eta bizi hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.