KRITIKA. Artea

Komunikatuz

Juan Luis Goenaga artista, bere margolanetariko bat atzean daukala. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Juan Luis Goenaga

Non: Donostiako Kur galerian. Noiz arte: Urtarrilaren 15era arte.

Juan Luis Goenagak, egin ohi duen moduan, izenbururik gabeko lan sorta bat aurkeztu du Donostiako Kur galerian antolaturiko azken erakusketa honetan ere. Berak elkarrizketa batean esan zuen moduan, ez zaio bere artelanekin literatura egitea gustatzen. Ikuspuntu hori ez da harritzekoa, Goenagaren pinturetan gaia ez baita garrantzitsua, horietan erakusten denaren tratamendua baizik. Berez, artista donostiarraren lanaren prozesuaren emaitzek ez dute azalpen handirik behar izaten; beste artelan askok gordetzen duten kontzeptu eta teoriaren aurrean, pintura horiek ikusteko eta gozatzeko eginak dira, bestelako xederik gabe.

Zurriola pasealekuko 6. zenbakiaren azpialdean gordetzen den erakustaretoan, Goenagaren formatu handiko hainbat lan ikus ditzakegu, artista donostiarrarekin lotzen diren trazuaren indar eta materialtasunaren bitartez eraikiak. Goenagak lan horietan erabiltzen duen kolore paleta zabala da: oihaletan, berde, gorri, hori edo urdinen eskala bizienek marroiekin, grisekin eta beltzekin kontrastea egiten dute. Kolore eta materiaren bolumenek sortzen dituzten formek abstrakzioaren eta figurazioaren artean mugitzen diren pinturak eraikitzen dituzte. Figurazioaren bidetik ausartzen direnek ikuslea kostalde eta mendi paisaietan murgiltzen dute, artistak espresatzeko duen behar eta bideen inguruko ikuspegia plazaratuz.

Bide horretan adar, zelai, mendi eta itsasoak nahasten dira, eta forma eta trazu indartsuek figurazio lotsati baten lehen pausoak erakusten dizkigute, behin begirada pinturan ezarrita poliki-poliki askatuz doazen esanahaiak sortuz. Halere, alor horretan, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko balantzak lehenengoaren aldeko bideari jarraitzen badio ere, aurkezten diren lanetariko batzuek alor horien arteko harreman orekatuago bat erakusten digute, identifikagarriak izan daitezkeen formak abstrakziorantz jotzen dutenekin nahastuz. Askatasunarekin elkartzen den prozesu horren emaitzak jarraikortasun bat erakusten du, eta bertan aurkezten diren aldaerek formatuaren tamaina eta artistaren gorputz keinuaren aldakortasuna adierazten dute. Gure gizarteak dena etiketatzeko ohitura dauka, eta historia klasifikatu eta ordenatzeko grina hori gaur egun Internet eta informazioarekin lotzen diren bilaketa eta sare sozialekin areagotu da. Artista berak ariketa hori baztertzen duen arren, artearen historiaren testuinguruan, Goenagaren lana, besteak beste, materikotasunaren eta espresionismoaren barruan klasifikatu izan dute, eta erakusketa horretan begi bistakoak dira ezaugarri horiek.

Espresionismoa errealitatearen ikuspuntu pertsonal batekin lotzen da, artistaren sentimenduetan oinarrituz natura eta gizakiaren errepresentazio subjektibo bat eraikitzearekin. Juan Luis Goenagak ez du harreman hori hain argi ikusten, eta, sentimentala baino gehiago, pintura mentala eta fisikoa dela adierazi izan du. Pertsonalki zaila egiten zait bihotzaren, buruaren eta gorputzaren arteko banaketa hori ulertzen, baina, era berean, erabat bidezko ikusten dut Goenagak bere lan prozesua sailkapen horietatik at ikustea. Mugimendu jakin batekin baino gehiago gizakiak historia guztian izan duen espresatzeko beharrarekin lotzen da sormen prozesua, historiaurreko kobetako zaldi eta bisonteetatik arte garaikideraino. Horrek artista donostiarraren lana esparru globalago batean ezartzen du, garai eta artista jakin batzuen ezaugarrietan baino gehiago, historian izan den sormen beharrarekin identifikatuz. Horrela, lengoaia artistikoa bizitzaren oinarrietako bat bezala aurkezten zaigu; giza kondizioak espresatzeko behar hori erantsia dakar. Hori dela eta, sormen prozesutik sortzen den artelana beste errealitate bat bilakatzen da, eta ez berezkoa dugun errealitatearen irudikapen soila.

Goenagaren kasuan, espresatzeko behar hori argi ikusten dut bere lanetan; behar horren bitartez, bere errealitate propioa erakusten digu. Artearen esparruan, eta horrek gordetzen dituen helburuen artean, komunikazioarena azpimarratu nahiko nuke. Arteak pertsonaren subjektibotasuna plazaratzen du; esperientzia hori besteekin banatzen dugunean komunikazio bat sortzen da. Bertan hainbat indarrek parte hartzen dute: emozionalak, arrazionalak, fisikoak, kognitiboak... egilearen eta ikuslearen ikuspuntuen arteko elkarrizketa sortuz. Erakusketa baino lehen, berriz, elkarrizketa artistaren eta artelanaren artean izan da, edo, hobeto esanda, artelanaren bitartez artistak bere buruarekin sortu du hartu-emana. Erakusketa ikusteko beta duen edonork argi ikusiko du izenburuen erabilera ez dela beharrezkoa, pinturek bere kabuz komunikatzeko gaitasuna baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.