KRITIKA. Artea

Kohesioaren garrantzia

Bego Anton artistaren lanetako bat, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun

'Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk'

Artista: Bego Anton. Noiz arte: 2022ko otsailaren 13ra arte. Non: Donostiako Tabakaleran, Kutxa Kultur Artegunean.

Azkenaldian argazkigintzari eskainitako espazio garrantzitsuenetariko bat da Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunea; programa interesgarria daramana, hemengo argazkilariei espazio bat eskaintzeaz gain, besteak beste, Vivian Maier edo Margaret Watkinsen lanak ere gozatzeko parada eman diguna. Une honetan, Bego Anton artistaren azken urteetako lana aurkeztu zaigu Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk izenburua duen banakakoan.

Sartu eta ezkerretara lehenengo topatzen den elementua Erika Goiarrola komisarioak idatzitako sarrera testua da. Erakusketako testu orokor bakarra da, eta bertan topatuko dena testuinguru bakar baten baitan biltzeko ahalegina egiten du. Dena den, erakusketa osotasun honen baitan biltzeko intentzioa, testu honetan hasi eta bukatzen da. Mostra, azken hamarkadan zehar Antonek garatu dituen lau proiektu edo serieren bueltan antolatua dago, eta antolaketa hau modu indibidual eta autonomoan garatzen da aretoetan. Guztien artean garrantzi handiena hartzen duena, zalantzarik gabe, azken urte honetan burututako The Gallop proiektua da.

Erakusketa aretora sartu eta aurrez aurre ikusten den lehen horma zentralean aurkezten da; modu ederrean aurkeztu ere, gainera: proiektuko protagonistak barneratzen dituen horma-paper batek estalitako geruzan; gurasoen etxeetako haurren gelek iradokitzen duten xalotasunaren bidez protagonisten unibertso pertsonal eta intimoenera eraman nahiko bagintu bezala. Protagonistak, ordea, ezin daitezke inondik inora ere xalotasun horren baitan ulertu. Neska nerabe bizkor eta indartsuak dira. Amazonak edo emakumezko zentauroak bailiran, oihalezko zaldiei bizia ematen dieten praktika diziplinatu eta koreografikoa gauzatzen dute, euren identitatearen parte bilakatzen diren errituak eurenganatuz eta lotura sendoak sortuz praktika hori egiten duten elementu eta taldekide guztien artean.

Antonek marjinetan kokatutako praktikei antropologo baten begia bailuen erreparatzen die. Eta unibertso horretara gerturatzeko, Thomas Ruffen lan eta instalazioak gogorarazten dizkidaten erretratuen eta haien testuinguruen testigantzen arteko loturak uztartzen ditu, nahiz eta hauek ez Ruffen lanen tamaina monumentalik izan. Gertuko erretratuak dira, indar handikoak, ikuslearen begirada zuzena bilatzen dutenak gehienetan, ustezko kameraren objektibitate faltsu hori iradoki nahian: neutraltasuna, egiantzekotasuna eta izaera dokumentala alegia, baina halako duintasun heroiko bat atxikiaz. Izenburuak iradokitzen dituen errealitate fantastikoak, aldiz, ez dira inondik agertzen proiektu honetan, bertan irudikatzen denak fantastikotasunetik ez baitu ezer.

Honen jarraian Everybody Loves to ChaChaCha seriea aurkezten da: bereziki adinean nagusi diren zenbait emakumezkok beren txakurrekin egiten dituzten dantza lehiaketak arakatzen dituen lana, eta neonezko argi arrosaz iragarritako dantza aretoan sartutakoan ikus daitekeen bideoa da bertako elementurik liluragarriena.

Bi proiektu hauen artean lotura interesgarriak sor zitezkeen, baina bakoitza bere aldetik modu autonomoan aurkeztuta lotura posible guztiak galdu egiten dira; erakusketaren tituluan bertan galtzen diren moduan. Izan ere, txakurrak bai, baina mundu fantastikorik hemen ere ez dago.

Halakoak 2013. eta 2018. urteen artean Islandian garatutako The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet proiektuan topatu daitezke agian, islandiarren eta haien izaki mitologikorik ezagunenak diren elfoen arteko harremanak arakatzen baititu artistak naturan utz ditzaketen aztarna eta gizakiekin dituzten loturen bidez. Baina hurbilketa ezagutu eta bizi dugun errealitate honetatik egiten dela kontuan hartuta, eta are gehiago, artistaren lanetan parte hartu duten pertsonentzat ere erlazio honek fantasiatik eta fantastikotik gutxi duela kontuan hartuta, berriz ere, izenburua dantzan hasten da. Eta zer esanik ez Haiek danak sorginak proiektuaren kasuan ere (2017-2021), zeinaren erroa baita «sorgin ehiza» —historiako emakumezkoen jazarpen sistematiko bortitzenetakoa— justifikatzeko sortu zen mundu fantastiko hori zalantzan ipintzea; non eta erakusketaren izenburua ironikoa ez den.

Proiektuen abiapuntuak interesgarriak dira, baita haietara hurbiltzeko erabilitako metodologiak ere, eta emaitza estetiko ederrak lortu ditu Antonek gehienetan. Dena den, eta kasu honetan, erakusketaren planteamenduak eta instalazioak ez dio lanari aitortzarik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.