'Confinadxs'
Egileak: Hainbat sortzaile.Non: www.zaskultur.com.
Museo, erakusketa areto eta galerien ateak ireki ezinean, eredu birtualak bihurtu dira arte plastikoen hedatzaile nagusi. Gasteizko Zas Kultur Espazioa kode berri horietaz baliatu da Confinadxs mostra eratzeko, konfinamenduan, ordenagailuaren pantailaren bidez ikuskatzen den erakusketa eredua sorturik. Hein handi batean, mostrak egungo artisten egoeran murgiltzen gaitu, parte hartzen duten hamabost egileek berrogeialdian sortu baitituzte piezak, etxean aurkitutako baliabideak material izanik. Halaber, lanak esparru publikoan aurkeztu ezean, partaideek euren bizilekuetako hormen artean ezarri dituzte, leku estrategikoetan, piezari zentzu bat edo beste emanik. Beraz, artelanak dokumentatzen dituzten hainbat argazkiz, testuz eta bideoz dago konposatua erakusketa areto birtuala.
Eraikin baten azkeneko tranpal bakartian koadro beltz bat dugu, haur kolonia gozoaz umeldutako errotulagailuz margotua dagoen mihise beltza, hain zuzen. Eraikineko bizilagunak dira pieza bere osotasunean hauteman dezaketenak, lurrin gozo hura eta karratu beltz haren inperfekzioak sumatzeko aukera duten testigu bakarrak baitira. Bakarraldiak dakarren zentzumenen eraginkortasunik ezarekin bat eginez, etxe pribatu baten sukaldea irudikatzen duen argazki baten estetika konbentzionala urratzen du zerbaitek: urrunean, paretan zintzilik, plastikozko poltsa baten barnean dagoen kuxin leun bat antzematen da. Distantzia dela medio, mostra birtual honetan abian jar daitekeen zentzumen bakartiak, ikusmenak, objektuen ezaugarriak igortzen dizkigu, hatzekin laztandu ezin dugun gainazal leuna, dastatu ezin ditugun usainak...
Bada, berrogeialdiak bultzatzen duen introspekzioaren aldarri dira erakusketa birtualak aurkezten dizkigun hainbat lan. Barne zaintzaren, barne gatazken, barne hausnarketen uztartzeak sor lezakeen beldurren loratzeaz ohartarazten gaituzte Natalia Albeniz eta Irene Villalvaren ilustrazioek, esaterako; geure burua entzuteko eta ezagutzeko momentua den seinale.Eta honela, Norbanakoaren grabitate jasangaitza berrogeialdian argazki serieak adierazten duen moduan, kaiola bihurtu den bizilekuarekin dugun harremana eraldatzen da, geldialdiak bideratzen duen bilaketa horretan murgilduta, denbora lausotzen da, mantsotzen dira segundoak, minutuak eta orduak.
Inguruarekiko harremana aldatu den eran, gizartearen iruditeria kolektiboan lekua hartu dute orain dela hilabete pare bat ulergaitzak izan zitezkeen ikurrak, eguneroko irudi bihurtuz: txertoak, grafikoak, telebistan behin eta berriz agertzen diren adituak, pandemiaren ereserki errepikakorrak... Etxean edo kalean erabili ohi ditugun hainbat elementu kutsatzen dituzte, argazkien bidez bistaratzen ditugun zenbait artelanetan antzematen den moduan. Izan ere, udan gozatuko ditugun alegiazko oporretan estreinatuko ez ditugun txankleten diseinua, edota lagun artean entretenitzeko erabili ohi dugun karta sortaren ikonografia ez da hutsala: txertoak, koronabirusaren irudiak, maskarak... Ikurrok produktu salgarri bihurturik, iruditeria kolektibo berrituari men egiten baitiote.
Ikurren bilakaera horrekin bat eginik, Fernando Iglesias artistaren etxeko telebistaren alboan ezarritako kartoizko kutxan, Hegoaldean denok ezagutzen dugun gizon haren —Fernando Simon— erretratua agertzen da, kutsu profetikoz zuzen guri begira. Izan ere, krisialdiaren testuinguruan sortzen ari den kontaketa belikoak gizartearen onarpena duten heroiak behar baititu. Alabaina, narrazio ofizial horren gabeziak eta akatsak agerian dira Jorge Salvadorren Berrogeialdia lanaren bideoan: argi aurkezten dizkigu hilabeteotan kaleratutako deklarazio kontraesankorrak, esaterako. Halaber, Natxo Rodriguezen Data-Virus bideo-collageak grafikoak, mapak eta abar aurkezten dizkigu, ironiaz gainezka, konposizioari erritmoa ematen dion abestiak «Eritzi Zeuk!» esaten digun bitartean.
Honela bada, argi dago mostrak orainaldiko formak dituela; erakusketa aretoen ateak itxita egonda, urrundik begiratzen diegu artisten bizileku partikularretan eskegitako piezei. Geuk, orainaldiko egoerara moldaturik, etxeko leiho birtualetatik begira, egun grisei kolorea eta zaporea ematen dizkieten kultur ekinaldiei so egiten diegu. Beraz, zer ekarriko luke halakorik ez izateak?
Errealitatetik aldentzen den artistaren kontzepzio erromantikoaren mesedetan, askoren ustez, prozesu mistiko estereotipatuaz eratzen dira produkzio artistikoak. Haatik, sorkuntzarekiko aurreiritzi estereotipatuek, aitortza hutsek eta laguntza eskasiek kolokan jarri dute kulturgintza sistema. Ondorioz, jada prekarioa zen alorra dela jakinik, egun sortzaileen etxeetan eskegita dauden artelanak, edota sortzear dauden produkzioak esparru publikora itzuliko al dira? Eta, itzultzekotan, zer baldintzatan? Zeintzuk izanen dira etorkizuneko erakusketen formak?
KRITIKA. Artea
Kode berriak distantzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu