KRITIKA. Antzerkia

Kita bat Herioarekin

Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Klara Mendizabal. BERRIA.
Agus Perez.
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

'Lu eta Le'

Egilea: Bernardo Atxaga. Zuzendaria: Garbi Losada. Musika: Juan Carlos Perez. Abeslaria: Klara Mendizabal. Antzezleak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Abenduak 4.

Aitor dezadan: Gabon, Txirrita-ren emanaldian jaso genuen antigoaleko naturalismo zaparradaren ostean, beldur nintzen Donostia 2016ren hurrengo ikur-proiektua —Atxagaren Lu eta Le antzezlana— esperimentaziorako joerarik ezagutzen ez zaion Ados konpainiaren esku zegoela jakin nuenetik.

Hortaz, espero apalekin sartu naiz aretora, eta horrela adierazi diot, adeitsu, beti adeitsu den Atxagari berari. Baina emanaldia hasi orduko aldatu zait pertzepzioa, komenientziatik kanpo, modatik kanpo, maldan beheratik kontrako emanaldi baten aurrean geundela konturatu orduko. Hasi naiz arnasa hartzen, ordura arte beldur nintzelako —tontoa ni— usadiozko panegiriko, elegia, gorazarre bati aurre egin beharko geniola, edo bestela Laboaren ondaretzat hainbestek aurkeztu zizkiguten produktu edulkoratu bat zerbitzatuko zigutela, hipergluzemia sortzeko moduko produktu haietariko bat alegia, orain Espainiako Gobernuak zergapetuko dituen sailekoa.

Atxagak, ordea, jakin izan du desafioari eusten, enkarguzko lan batek dakarren sedimentazio falta gorabehera. Alde horretatik, nik esango nuke antzerki-testu bat idatzi beharrean nahiago izan duela bere eremu kuttuna den prosa poetikoaren lurraldean babestu, posizio seguru horretatik ekiteko Lurdes Iriondok eta Xabier Letek osatu zuten bikote-paradigmaren hagiografiari. Nago, bestalde, Lete bihotzean daramaten ikusleek eta Lurdesen nobio platoniko izan zirenek —ni neu barne, 764. zenbakiarekin— nolabaiteko zapuztua hartu dutela, ikustean obran ez dugula Leteren edo Iriondoren kantagintzaren berririk ia jaso. Har bezate kontsolamendutzat egileak artista bien alde intimoenean egin duen murgiltze delikatua, bizitzaren alderik behinenak kontuan hartu dituena, hala nola gauza guztien gainetik defenditzen den amodioaren sugar hauskorra edota heriotzaren aurrean daramagun borroka desesperatua.

Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ramon Agirrek eta Joseba Apaolazak hartu dute Herioaren morroi rola, zein baino zein ganorazkoago, deklamazio eta ahoskera perfektua lagun eta egileak emandako karga sinbolikoaren jabe izanik. Haiekin batera ibili da Klara Mendizabal abeslaria Juan Carlos Perezen konposizio abstraktuei men eginez eta Leteren Nafarroa arragoa bezalako kanta ezagunak muturreraino itxuraldatuz. Egia da irudi proiektatuen pisua gehiegizkoa izan dela eta ekarpen eskasa egin diotela lanaren planteamenduari, batzuen izaera naturalista dela medio, baina eremu eszenikoaren eta jantzien zuritasunak estetika irreal bat sortu dute —espektrala egilearen hitzetan— eta elkarlanean aritu dira mugimenduen diseinu zehatzarekin eta testuaren esangura metaforikoarekin.

Ezin dut lerrootan testuak eta muntaiak bilatutako kontraste guztien berri eman, baina lan honen izaera hobeto ulertzeko hona hemen egileak bere garaian Anaitasuna aldizkarian idatzitakoa: «Inork ez beza gure berrizaletasuna arrazoinezkoa ez denik pentsa; zeren naturalismoarekin jokatzen duenak pentsatzerik ez baitauka inguruko gizartean eragintzarik lortzea, naturalismo hori ez baita izanen aski boteretsu gizartea transformatzeko edota iraultzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.