KRITIKA. Antzerkia

'Kelly'-ena, argi eta garbi

A Panadariako kideak, obra antzezten, Erriberrin. VILLAR LOPEZ / EFE.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

'As que limpan'

Konpainia: A Panadaria. Antzezleak: Areta Bolado, Noelia Castro, Ailen Keldelman. Arropaeta karakterizazioa: Esther Quintas. Argiak: Del Ruiz. Eszenografia: Daniela Rodas. Lekua: Erriberriko Jauregiko patioa. Eguna: Uztailak 30.

A Panadaria talde galiziarrekoak, Elisa e Marcela lanaren arrakastaren ondoren, Erriberriko jaialdiaren gauak zeharkatzen dituen ziertzoa bezain natural, fresko, bizi eta jostari azaldu zaizkigu As que limpan (Emakumezko garbitzaileak) antzezlanean. Natural diot, antzerkia egiteko eszenografia biluzi baten aldekoak direlako; fresko, gaur-gaurko lan bidegabekeriak salatzen dituztelako; bizi, mugimendu azkar bezain zaluz mugitu zaizkigulako; eta, beste ezaugarri guztien gainetik, jolasti, antzerkia jolasa delako ideiarekin lerratzen direlako.

Eta jolasteko imajinazioa baino ez dela behar gogorarazi digute; ez grabatutako soinurik, ez argi ikusgarririk, ez eta arreta desbidera diezagukeen beste elementurik ere. Horrela, sartu-irtenak ahalbidetzen dizkien hondoko taula beltz bat, garbiketa orgatxo bat, garbiketa uniforme bana eta ileorde ugari baliaturik eskaini digute kelly-en aldeko salaketa-pieza guztiz dibertigarria.

Galizian gaude, Isla Jota deritzon hotelean, Toxako bainuetxearen isla dena. Aparicio Gomez —hotelaren jabea eta Amancio Lopez enpresaria akordura ekartzen duena— presidentearen zain dago. Presidentea ere galiziarra dugu, baita ostalariaren txikitako laguna ere. Ez da Rajoy, baina, o!, haren sintaxia aldrebesturik erabiltzen du. Bi protagonista horiek diru funtsak desbideratzeko amarrukeriatan dabiltzan garai berean, hoteleko garbitzaileak lan hitzarmen hobe baten aldeko ekintzekin hasiak dira.

Izan ere, bigarren hari horretatik sortutako istorioa dugu As que limpan, teatro dokumentua ez dena, baina bai kelly-en egoera ikertu ondoren ondua. Espainiako Antzerki Zentro Nazionalaren koprodukzioari esker, As que limpan sortzeko aurreko ikuskizunetan baino prozesu luzeagoa egiteko aukera izan dutela irakurri diegu A Panadariakoei. Eta baita ere hautu kontzientea izan dela dirua gaiaren ikerketan eta sormen prozesuan inbertitu izana, eta ez eszenografia garestietan. Horrela, As que limpan fikzioa kelly-ak elkarrizketatu ondoren eraiki dute, turismo eredu jakin bat aztertu ostean.

Imajinazioa, umorea eta egia baino ez. Ahotsez eginiko kraskak, a capella kantatzen duten koruak zein garbiketa tresnen danbadek osatu dute soinu banda. Argien erabilera minimoa bezain zuzena izan da, eta atrezzoa urria bezain efektiboa. Aktore eta kantari bikain hauek rol guztiak aldatzen zizkioten elkarri, ileorde aldaketek lagundurik, harik eta hirurek rol guztiak antzeztu dituzten arte. Publikoaren parte hartzea piztu nahi izan dutenetan, hau guztiz prest topatu dute.

A Panadariakoek, bufoi, barrokoko barregarri, politxinela eta pailazo garaikideen umorearen giltza guztiak menperatzen dituzte; izpirituz, gorputzez zein hitzez. Fikzioaren bitartez, itxaropena eta alaitasuna eskaini dizkiete bai publikoari bai borrokan jarraitzen duten kelly-ei. Eta amaieran batukada, manifestazio feministetan bezala. Eta bukaeran txalo zaparrada, batukadaren burrunbarekin nahasian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.