'Le Havre'
Zuzendaria: Aki Kaurismaki. Zuzendaria: Andre Wilms, Kati Outinen, Jean-Pierre Darroussin, Blondin Miguel. Herrialdea: Filandia-Frantzia-Alemania. Iraupena: 93 minutu.
Aki Kaurismaki zinemagile entzutetsuaren azken filmak ikusmin handia sortu du, Antzoki Zaharrean bildutako jende andana ikusi besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Cannesen Urrezko Palmorria lortzeko faboritoetako bat izan zen, baina Terrence Malicken The Tree of Life ederra atera zen garaile.
Kaurismakik ongien egiten dakiena egin du, eta ez du hutsik egin, publikoaren gehiengoak asko gozatu baitu. Aretora sartu aurretik bereganatua zuen jendearen harrera ona, eta gidoia espero zitekeen moduan gauzatu da, ezustekorik gabe. Barre algara ugariak sortu ditu komentario zorrotz eta une absurdo batzuei esker, eta merezitako txalo zartak irabazi ditu bukaeran.
Haur etorkina
Le Havre Normandiako hiria da, eta finlandiarrak bertan kokatu du istorioa. Bide batez, Frantziako zinemako bi Jean-Pierre ospetsurekin (Darroussin eta Leaud) lan egiteko aukera aprobetxatu du, baina pertsonaia nagusia Andre Wilmsek interpretatzen du. Zapata garbitzaile lotsagabe eta aldi berean eskuzabala da, eta itsasoan aurkitutako haur etorkin bati laguntzen saiatuko da. Mutikoa Londreserako bidean galdu da, eta familiarekin elkartzea da haren nahia. Polizia haurraren atzetik dabil, eta harrapatuz gero etxera bidaliko dute, baina lagunak ez zaizkio faltako.
Zinema polarraren omenaldi batekin hasten da filma, baina jada borsalino eta gabardinak ez daude modan, horregatik barre egitea da onena. Kaurismaki trufa egiten maisua dela ez dago zalantzarik. Hala ere, haren umorea ez da denen gustukoa izaten, eta asko beste pelikula bat ikusi dutelako sentsazioarekin aterako ziren ziurrenik.
Neuk behintzat nahiago dut zuzendari finlandiarrak esateko duena prentsan irakurri; haren adierazpenak haren zinema baino askoz mamitsuagoak dira.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Perlak
Kaurismakiren zaleentzat bakarrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu