'Biba zorrixen izurritie!'
Konpainia: Abarka.Egilea: Joseba Sarrionandia.Zuzendaria: Ander Lipus.Lekua: Aulestiko pilotalekua. Eguna: Apirilak 5.
Aulestiko pilotalekuan jarritako egur-mailak txiki geratu dira emanaldira etorritako ikusle guztientzat, baina elkarren alboan estu-estu egotea lagungarria suertatu da neguko hotzari aurre egin ahal izateko. Abarka antzerki taldeko kideak Biba zorrixen izurritie! obra aurkeztera etorri dira, eta Markina-Xemeingo hamar aktoreek eta musikari biek laster batean berotu dute giroa, Aulestin etxean bezala sentitzen zirela erakutsiz.
Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako liburuan oinarrituta prestatu dute antzezlana Ander Lipusen gidaritzapean, eta emanaldiak eskualdeko euskararen aberastasunean aurkitu du bere indar-gune nagusietariko bat: alde batetik belarrietarako doinu gozagarria nagusitu delako emanaldi osoan zehar, eta bestetik, esateko modu natural eta landu horrek antzezle bakoitzaren barne indarra areagotu duelako, antzezpenen sinesgarritasuna, proiekzioa eta ikusleen gaineko eragina izugarri aberastuz.
Ezaguna denez, jatorrizko liburua gaika jarritako ipuin labur askok osatzen dute, eta lan honetan ere hiru bloketan atondu dituzte liburutik hartutako ipuinak. Aitaita-amamak, gurasoak eta eskola giroa izan dira protagonista, eta horrela, ikusleok geure iragan urruneko deskribapen umoretsu eta poetikoa jaso dugu, norberarenak izan zitezkeen garaiak, jolaskideak eta paisaiak atzera ere ikusiz eta albo-alboan zeuden ikusleekin konpartituz. Bide horretatik gauzatu da gutxitan gertatzen den baina antzerkiaren xede nagusia den katarsi kolektiboa, kasu honetan samurra bezain atsegina egin zaiguna. Ez da gutxi, teorian amateurra den talde batentzat!
Duda barik, ipuinen antolamendua, eszenografia apala eta dramaturgia sormentsua izan dira muntaiaren beste balio nagusiak, eta horregatik ere kokatu da lan hau euskal dramaturgia berriaren arloan. Kategoria berean ere sartzen dira, merezimendu osoz gainera, antzezleek eta musikariek erakutsitako dohainak —presentzia, barne-kemena, ahotsaren proiekzio indartsua, prosodia esanguratsua, keinu neurtuak eta gorputz osoko adierazkortasuna—, konpainia profesional batzuetan hutsaren hurrengoa direnak. Ikusleek ere berotasunez eskertu dute oparia, eta txaloak amaitutakoan, ostera ere eskatu dute antzezleen agerpena, beraiei, zuzendariari, eta, zelan ez, Sarrionandiari bertan ginenon eskerrona adierazteko.
Kritika. Antzerkia
Katarsi samurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu