'Hemen naiz, ez gelditzeko baina '

Kartzelaren geografia

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Idazlea: Markel Ormazabal. Argitaletxea: Txalaparta.

Txalaparta argitaletxeak aldizka egiten dituen arte-faktu bitxien aldeko apustu ausart horietako bati esker, euskal literaturaren plazara idazle berri bat atera da: Markel Ormazabal. Hemen naiz, ez gelditzeko baina du izenburua haren estreinako lan argitaratuak, kartzelaren inguruko kronika berezia.

Berezia diot, egilea euskal preso politiko ohia izanik idazketa esperientzia horrek bultzatua bada ere, liburuan nekez aurkituko dugulako erreferentzia autobiografiko zuzenik. Haren ahotsa, oihartzuna balitz bezala, zeharka baino ez zaigu iristen. Drama baztertuta, uneoro tonu bizia eta estilo adierazgarria darabiltza. Autorearen egitekoa kartzelak bideratzen dituen diskurtso ezberdinak aurkeztu eta horien gainean hausnartzean datza. Emaitza argudio sendoz eraikitako ertz askotako diskurtso kritiko bat da.

Orrialde gutxiko atalak nahikoa dira Ormazabalek egungo espetxe-sistemaren logika salatu eta, horri lotuta, gizartean hain barneratuta dauden kartzelaren inguruko uste faltsuak deseraiki ditzan. Zein betekizun du isolamenduak? Zein da musikaren eta literaturaren papera barruan? Kartzelaren beharrik badugu egiatan? Horra hor kronikak hizpidera dakartzan zenbait gai, irakurleoi modu sintetiko, argi eta originalean emanak.

Izan ere, atalok abiapuntu bikoitza erakusten dute. Alde batetik, musika dago. Liburuak Lisabören kantu bat izenburu hartzen duen bezala, hura osatzen duten atalek ere Mikel Laboa, Willis Drumonden... kantuen izenak hartzen dituzte. Bestalde, idazleak kartzelaren geografiatik abiatzen ditu testuak: leihoak, ziega, burdinazko ateak, alanbre arantzadun hormak... Kartzela-espazioaren egituraketa kontrol- eta zigor-ereduetan oinarritutako gizarte globalaren islatzat ulertzen du Ormazabalek.

Diskurtsoa, aipamenez lepo, dokumentazio-lan zorrotz baten ondorio da. Kartzelarekin lotutako alderdi anitzen inguruko hausnarketak idazle, kazetari zein adituen adierazpenetan, espetxeko pasadizo gogoangarrietan eta beste hainbat presoren lekukotzan oinarritzen ditu. Erreferentzien collagea, Ormazabalen beraren hitzetan. Hurbileko egoera eta baldintzen azterketa saihestu gabe, beraz, mundu zabaleko kartzela-sistemari buruzko ikuspegia aintzat hartzen du.

Espetxe-kronika honek erakusten duen beste berezitasun bat atal bakoitzaren amaieran kantu, liburu edo prentsako artikuluen erreferentziak jasotzen dituen bibliografia laburra da. Ziurrenik musika da denetan erreferentziarik ezohikoena, irakurketaren esperientzia are gehiago aberasteko bidean, hura laguntzeko iradokizun gisa zein idazlearen sentsazioetara hurbiltzeko aukeratzat har dezakeguna. Ildo beretik, nabarmentzekoak iruditzen zaizkit zuri-beltzezko ilustrazio indartsuak, paper urratu efektu baten azpitik azaleratzen direnak.

Liburuari, azkenik, gibel solas interesgarria erantsi zaio. Bertan, Iratxe Retolaza literatura adituak kartzela-kronikek euskal literaturan duten kokapena aztertzen du, horien ezaugarriak azalduz eta obra nagusiak aipatuz. Ezustekorik politena azterketaren amaieran dator: Ormazabalen lanean liburuaren beraren erreseina txukuna eskaintzen zaigu. Hemen naiz, ez gelditzeko baina kronika hutsa baino askoz gehiago baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.