Kritika. Zinema

Kapitalismoa eta pilota

Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
'Moneyball'

Zuzendaria: Bennett Miller. Aktoreak: Brad Pitt, Jonah Hill, Philip Seymour Hoffman. Herrialdea: AEB. Iraupena: 133 minutu.

Mirandes omen da Goliaten kontra ausartu den azken David. Horregatik sortu omen du horrenbesteko sinpatia eta miresmena. Atzo dagoeneko ahantziak dauden beste batzuk izan ziren. Beti bada norbait, futbolaren eta batez ere kirolaren logika suntsigarria apurtuko duela ematen duena. Astebeteko izarrak dira, periodiko guztietako azalak, modako taldeak. Horren ondoren, ahanztura, errealitatearen gogorra eta ilobei kontatu beharreko kondaira maiztua.

Gurean, futbola da droga loarazlea; AEBetan, beisbola. Kirol diferenteak, oinarri bera; lehiakortasuna, negozioa eta fokuen arreta etengabekoa. Oaklandeko Athletics taldea boteretsuen diktadura amaitzen saiatu zela kontatu nahi izan digu Bennett Millerek, ez egun bateko lorea izateko, sistema barnetik iraultzeko baizik.

Kirola gaia duen pelikula da Moneyball; baina, paradoxikoki, ez du kirolarekin lotutakoa alderdirik erakargarriena. Kirol garaikideak bere barnean ezkutatzen duen sistema kapitalistaren erraiak ikusi ahal izatea da filmak duen onena, kromoen gisa tratatuak diren langileak, patroiaren harrokeria, bere burua justifikatzeko erabiliko duen diskurtso ustela, arrakasta mugagabearen kultura...

Beisbol ligaren ingurumarietan, egungo sistema ekonomikoaren ispilu argigarria. Millerek ez du pelikula politiko edo soziala egin nahi izan, baina egungo gaitz asko argi azaltzen duten gakoak harrapatzen ahal dira Moneyball-en. Horregatik, pelikulak askoz hobeto funtzionatuko du lehen partean, berdeguneak alde batera utzita, eta bulegoetako guda zelai neoliberalak erakutsiko dituenean. Hori bai, erakusteaz harago ez du eginen zuzendariak, zauria bere gordinean erakusten ausartu gabe, etengabe bere pertsonaia babestu nahian.

Horixe da Moneyball-ek duen zamarik handiena, biografia bat izatea. Kirol munduko konspirazio girotik aldentzean, epikotasunera joko du pelikulak, eta hor urtuko ditu bere bertute guziak. Protagonista nagusia izateaz gain, filmaren ekoizlea ere bada Brad Pitt, eta argi dago haren burua nabarmentzeko produktua dela, baina pena da egungo gizartearen erradiografia zehatza egiteko aukerak ihes egin izana Millerri. The show must go on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.