'Ni ez naiz Mikel Laboa'

Kantuz oroitu

Egileak: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxe 'Josevisky'. Argitaletxea: Elkar.

2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Biografia heterodoxo bat abeslari heterodoxo batentzat. Hala behar zuen izan. Esango nuke hori berori transmititzea eta kontatzea lortu dutela Unai Iturriagak, Harkaitz Canok eta Joseba Larratxek Elkar etxean argitaratu duten Ni ez naiz Mikel Laboa nobela grafikoan. Mikel Laboa Katedra bildumako parte den obrak, bilduma bereko askok bezala, euskal artista gogoangarriaren bizitza biltzen eta kontatzen digu, baina, askok ez bezalako moldez eta umorez: irakurleak ez du abeslariaren biografia lau eta tradizional bat aurkituko orriotan, Laboari kantuz eginiko aitortza bat baino.

Izenburuak iradokitzen duenez, liburuaren oinarrian abangoardiaren ideia dagoela iruditu zait: batetik, Laboaren bizitzaz eta karreraz hitz egitean ahaztu ezinezko alderdia delako; bera, artista bezala, euskal mugimendu abangoardistaren parte izan zen, beste askorekin batera eta eurekin elkarlanean. Bestetik, eta batik bat, artefaktu gisa ere oso iradokitzailea da, eta nago hori dela obraren indargunea eta xarma. Berez, komikia da, alegia, narratologiatik asko duen fikzio ilustratua; baina, aldi berean, Laboaren biografia bat izan nahi du, egiazko hitzak, pasadizoak eta artistaren bizitza biltzen dituen heinean. Egiazkoa izanik, joko fikzionaletik ere badu, hein handi batean. Eta, ez, ez da azkenaldian bogan dagoen autofikziozko —nahiz eta kasu honetan auto-tik gutxi izan— beste adibide bat, ezpada bi genero literarioren arteko elkarrizketa, transgresiorako aukera. Izan ere, biografietan ez bezala, ardatz kronologikoa iraulita agertzen zaigu, alegia, narratologiaren esparruan ohikoagoa den gisan, analepsiz eta elipisiz beteta, eta, are, desordenatuta. Biografietan erabili ohi den tonu errealistak ere ez du nagusitasunik; diskurtso liriko eta inoiz sinbolistak, ostera, indar handiagoa dute zenbait pasartetan. Koloreek, gainera, hizkera ez-errealista hori are sinbolikoago egiten dute: aldaketaren, esperimentazioaren eta euskal kulturaren iraunkortasuna errepresentatzen dituzten koloreak agertzen dira, iragana iradokitzen dutenak, gerra eta gatazka, desertua. Hala, irakurleari han-hemenka erakusten zaizkion bizitzako txatalek, Laboak bidaide izan zituen artista eta izar guztiek, haren abesti eta hitzek, bai eta Euskal Herriko iraganari keinu egiten dioten sinbolo guztiek ere abeslariaren soslaia osatzen dute, kubismoak nola, hainbat ertz eta askotariko perspektibak bildurik. Egia da, sinkretismo horrek, baita usu erabiltzen den tonu sinbolistak ere, Laboaren kantutegia eta bizitza ondo ezagutzen ez duen bati irakurketa zaildu diezaiokeela, baina, bukaeran autoreek abestien katalogo bat apailatu dute bidea errazteko (eta edertzeko).

Edonola ere, Laboa ezagutu zein ez, edonor harrapatuko duen komiki biografikoa eta musikatua sortu dute Iturriagak, Canok eta Larratxek, kantuz sortu dena kantuz baita bizi obran, hala oroitu dute, behintzat, autoreek protagonista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.