Oihane Amantegik 2020. urtean argitaratu zuen lehendabiziko nobela laburra, Ibaiertzeko ipuina, eta orduan irakurlea harritu eta harrapatzeko baliagarri izan zitzaizkion zenbait ezaugarri errepikatu ditu, oraingoan ere, bigarren lana sortzeko: denboran eta espazioan urrun kokatzen den testuinguru ezagungarri bat, korapilatze gutxiko istorioa, estilo bizi eta adierazkorra. Eta bietan ala bietan, eraikitako unibertso literarioa osatzen laguntzen duen hari musikala.
Cayo Hueso jazz doinuek bustitzen dute, eta alkoholak eta tropikoetako ekaitzek. Floridako penintsulatik gertu urgaineratzen diren irla txikietako batean kokatzen da eleberria, XX. mendeko lehen erdian, ez dakigu zehazki noiz. Maudey eta Virgil dira protagonistak, jazz abeslaria lehena, musika kritikaria bigarrena. Uda partean egiten dute topo bi pertsonaiek Cayo Hueson, otarrain denboraldia hastearekin bat. Zoriak gidatutako enkontrua da, beraz, eleberriak kontatzen duena, harreman iheskorrek izan dezaketen intentsitatea, istant batean izan dezaketen ezinbestekotasuna eta ondorengo ahanztura azaltzen duena.
Marinel zahar bat da eleberriko narratzailea, uharteko biztanlea eta behatzaile fina, eta beraz, haren perspektibatik eta ahotsetik kontatzen da istorioa. Arrantzalea irakurleari zuzentzen zaio, eta maitasun aferaren testigu soil gisa aurkezten du bere burua, baina narratzaile orojakilearen papera betetzen amaitzen du, pertsonaien sentimendu eta pentsamenduak argitzen baititu bere errelatoan.
Narratzailearen eta irakurlearen artean eraikitzen den harreman-joko horrekin, ipuin luze batek izan dezakeen egituraren traza ematen dio idazleak liburuari. Marinel zaharraren kontakizunak deskribapen poetikoak eta hausnarketa pertsonalak eransten dizkio kontakizunari. Oro har, atal laburretan banatzen bada ere, estiloak jario itxura hartzen du, erritmoa ongi kontrolatzen duen idazkera dauka Amantegik.
Istorio sinplea da, gertaera eta ekintza urrikoa: bi pertsonek gau batean bat egin ondoren, harreman horrek ez du jarraitzen. Interesgarria da idazlearen hautua, eta arreta beste elementu batzuetan jartzeko aukera ematen dio horrek: estiloan, egituran, anbientazioan. Alabaina, zenbait unetan hari nagusia ahulegia ez ote zen iruditu zait, bereziki eleberriaren amaiera sostengatzeko, neskarentzat hasieratik gau bateko desira pultsua baino ez denak, gerora horrenbeste pentsamendu eta itzulinguru eragiten ahal dizkion pentsatzean. Alde horretatik, Maudeyren mututasuna, gaixotasunetik at ere, aipagarria da, irakurleak ez baitu haren hitzik jasotzen, eta beraz, hari enkontruak sentiarazitakoa ulertzen zailagoa da Virgilen kasuan baino.
Ziur aski, idazlearen bertute handienetako bat da unibertso literarioak zertzelada gutxirekin eraikitzea. Bere bi eleberriek elementu gutxi behar dituzte irakurlea hasieratik testuinguruan kokatzeko. Kasu honetan, aski da otarrain sasoia aipatzea herri arrantzale txiki bat irudikatzeko, tropikoetako giro heze eta beroa desiraren eta nahi eta ezinen joan etorriak adierazteko, eta Mariaren ostatua eta jazz kontzertuak udako iluntzeetan pizten diren askatasun printzak gogoratzeko. Giroei tankera zorroztasunez sumatzen abila da Amantegi, eta bere mikro unibertsoen bidez beste garai eta ingurune batzuetara bidaiatzeko aukera ematen dio irakurleari.
'Cayo hueso'
Kantu mutua
Idazlea: Oihane Amantegi. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu