Aire ahizpak. 'Bidexka'

Kantu disko bat

Andoni Tolosa.
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Erroak.

Ez dugu egiten ikuskari bat. Ez dugu egiten geure burua erakusteko kantuan. Baizik eta kantatzen dugu kantuaren premiarengatik. Eta hori uste dut inportantea dela. Da boza eta hitzak», zioen Amaia Airek BERRIAn diskoa aurkezteko duela hilabete batzuk argitaratutako erreportajean, eta uste dut nahi gabe bi esalditan laburtu zuela diskoaren mamia. Disko naturala baita, kantuarentzat ekosistemarik aproposena bilatu duena, soila, ahotsak libre aritzeko, lasaia, gozoa, mingotsa une batzuetan, epikoa beste batzuetan...

Adjektibo zerrenda luzea opa diezaiokegu disko honi, baina batez ere bakana dela esango dugu. Bakana, oso gutxi direlako euskaraz a cappella kantatutako diskoak (kantuen erdiak soilik ahotsarekin jantzi dituzte, eta beste erdietan Sebastien Desgrans akordeoi jotzailearen laguntza eduki dute). Bakana, era berean, ekoizpenaren zama ahalik eta gehien arintze aldera jo dutelako, entzuleok arreta ahotsetatik eta kantuetatik ez galtzeko moduan. Azkenik, bakana da gurean oso gutxitan diskoratu delako, lan bakarrean, halako kantu aukeraketa osatua. Txikitatik etxean deskubritutako kantu eta kantarien bertsioak egin dituzte diskoan; Xabier Lete, Mikel Laboa, Eñaut Etxamendi, Lourdes Iriondo, Xalbador, Mixel Labegerie, Ramuntxo Karrere, eta, jakina, horrek agerian uzten du Miren, Amaia eta Paxkalin Airek kantu zirraragarriekiko duten zaletasuna. Kantu aukeraketaz gain, aipagarria da bertsioa egiterakoan ahalik eta fidelen jo izana ere iturri originalera, nahiz eta amari ikasitako ahots harmonizazio ederrak gehitu dizkioten ekarpen nagusi gisara.

Ahots diskoa da, beraz, eta entzuten ari zarenean, alboan kantuan dituzula dirudi, hori plazera. Horrela, gogoak gora egiten baitu Hala Ere bikainarekin, doinu hunkigarriak astintzen baitizkizu barrenak Semea sarkorrean, eta segidan, Etxamendiren liluraren itzal luzea sumatzen baituzu Euskal herri poeta himnoan, diskoaren une gorenetako bat. Eta laugarren kanturaino baino ez gara iritsi. Prest gaude Maitasun honek zugan dirudi kantuarekin maiteminaren melodiarekin gozatzeko. Oilo larruarena, dagoeneko, ohitura bihurtu da disko honi dagokionez, adibidez, barruak berriro borbor jarriko baitizkizu Neska bat haur beharretan izugarriak, eta hori guztia aski ez balitz, beste himno handi bat datorrelako gero Lore bat zauri bat, eta bukatzeko, laburtasunak ez baitu haren edertasuna mugatzen, Ni gatibu hartzeko mingotsa.

Kantu disko bat da, dudarik gabe, Aire ahizpena, eta estimatzekoa da kantu bakoitzari eman dioten tratua, sutondoan eta maitekiro ariko bailiran kantari, eta hori ez da, egun, disko askotan topa daitekeen balioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.