'Kafesnea, anana, arrautza jitomate, tipulaeta zilantroarekin'
Non: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: otsailaren 28ra arte.Zahartzen ari naizela pentsatzen dut. Lehen, hiriburu batetik besterako bidaia ia horretan pentsatu ere egin gabe egiten nuen. Ibilgailura igo —izan autoa edo autobusa—, eta aurrera. Lehen, hiriburu guztiak Donostiatik ordubetera zeudela esaten nuen, edo hala iruditzen zitzaidan. Orain, berriz, bidaiak luzeagoak eta nekezagoak egiten zaizkit, agian haien kontzientzia handiagoa hartu dudalako. Lehen, bidaiak ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegintzen nintzen; aprobetxatzea, ahalik eta gauza gehien egitetzat nuen. Orain, berriz, aprobetxatu bai, baina neurrian. Agian hori da zahartzea; inguratzen gaituzten eta egiten ditugun gauzen kontzientzia hartzea, eta neurri egokia topatzea.
Aurreko garaietako ohiturak jarraitu izan banitu, Bilbora joan nintzen azkenekoan bertaratu aurretik martxan zeuden erakusketen zerrenda ikusi, ordutegiekin hala nolako puzzlea egin, eta gehienetatik pasatzen ahaleginduko nintzen, etxera berandu eta leher eginda iristeko, baina hori bai, eguna aprobetxatuta; edo hala usteko nuen behintzat. Oraingoan, berriz, erakusketa bat ikustera besterik ez nintzen joan. Hura denboraren presiorik gabe ikusten ari nintzela —ez bainuen kezkarik beste galeria edo museoren bat itxiko ote zuten bitartean—, beste erakusketa bat bisitatzeko gomendioa jaso nuen. Destinoaren opari gisa, eguraldi ederra zegoen, eta pasieran bertara hurbildu nintzen, Carreras Mugica galeriara. Han, Kafesnea, anana, arrautza jitomate, tipula eta zilantroarekin izenburu bitxiko erakusketa ikustera sartu nintzen. Bi erakusketa egun berean neurri polita da.
Galeriako areto guztietan barrena barreiatzen den proposamena da; atea zeharkatzean hasi, eta berehala pasillotik zein amaierako gela handiraino luzatzen da. Galeriaren joeren arabera, aretoa eta lanak besterik ez daude; eta, nahi duenarentzat, eskuorria, besteak beste, lanen inguruko informazioa dakarrena.
Erakusketak, lau artistaren artean sortu den konbinazio jolasa dirudi. Hiru modu presentzialean ageri dira, haien lanen bidez gorpuztuta: David Bestue, Susana Solano eta Julia Spinola. Laugarrena, berriz, Jorge Satorre, ikusgaitz dagoela irudi dezake —eskuorria hartzen ez duenarentzat bederen—, komisarioekin gertatu ohi den moduan. Dena den, Satorrek aretoan iraganean izandako presentziaren hondarrak dira ikusten ditugunak; erakusketaren instalazioak zirauen egunetan hartutako erabakien emaitza baita mostrak hartutako azken forma. Titulua ere berea du; bere-berea. Eskuorriko testu iradokitzailean uler daitekeen moduan, esperientzia pertsonaletan oinarritutako esperientzia konpartitu bati erreferentzia egiten dio: erlazioez mintzo da. Hain zuzen ere, horixe baitira erlazioak, konpartitutako esperientziak, eta aretoetan ere horixe sortzen ahalegindu da Satorre: egile ezberdinen artelanak euren artean nahasi, eta leku jakin bat konpartituz euren arteko harremanak sortzen.
Itxuraz diskurtso sinpleko proposamena den arren, primeran funtzionatzen du espazioan. Lanen arteko lotura, ikuspuntu eta elkar-hartze azpimarragarriak daude; bereziki, begien aurrean irudi berriak sortzeko balio dutenak, Satorreren irudiak. Hiru egileen lanak modu kooperatiboan aurkezten direla dirudi, batak besteari ekinez, horizontalean. Solanoren piezek presentzialitatea dakarte, eta aretoak betetzen dituzte, burdinaren bidez izaera industrialaren adarrera eramanez. Haren zirrikituetatik, berriz, naturan lurreko hormigoiaren arrakaletatik irteten diren moduan, Spinolaren landareak ageri dira; han-hemenka printza sotil batzuk, baina espazioak aldarrikatuz. Bestueren proposamenak —erakusketako aipagarrienak—, berriz, bi ertz horien artean kokatzen dira, orekan, haien arteko ezinbesteko lotura eta bizikidetza adierazi nahian ariko balira bezala. Bere lanek zibilizaziora garamatzate zuzen-zuzenean, giza arrastoetara.
Gauzak neurrian egiteak garatzen den horrekiko kontzientzia hartzea ahalbidetzen du. Ondutako pauso eta begirada bakoitza lasaitasunez baina arretaz egiteko baimena ematen du. Nahi duzun horri denbora eskaintzeko aukera bermatzen du. Eta erakusketa honetan nabaritu egin nuen hori. Mostrarekiko harremanaren definizioan eragin zuzena izan zuen bertaratzearen nolakotasunak. Sakontasun edo lanketa berezirik gabekoa zirudien proposamen batera sartu-irten soil bat izan zitekeena, harremanen konplexutasunetan murgiltzeko parada bilakatu baitzen. Ez dakit zahartzen ari ote naizen, baina, hitz gehiagorik gabe, denbora gakoa da.