KRITIKA. Dantza

Kadira eta gaua

Agus Perez.
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun

'Kadira'



Egilea eta koreografia: Pantxika Telleria. Zuzendari eszenikoa: Maialen Maritxalar. Musika: Kristof Hiriart. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Azaroak 16.

EliralE konpainiak 2005ean sortu zuen Kadira izeneko dantza lanaren lehendabiziko bertsioa. Urte berean, Miarritzeko Maitaldia jaialdian ezagutu nuen, eta harrez geroztik asko aldatu da ikuskizuna. Pantxika Telleria koreografoaren esanetan, berridatzi egin dute pieza osoa, baina hasierako lan hartatik osagairik behinenak gorde dira: kadiraren inguruko jolasa, irudien izaera poetikoa, eta dantzarien estilo delikatu eta samurra.

Oraingo bertsio hau Ka dira deitzen da, eta jatorrizko kontakizunari eusten badio ere —Claude Boujonen Kadira urdina haurrentzako liburua—, asko goxatu da hasierako piezako abstrakzio maila altua. Nolabait esatearren, helduleku argiagoak dauzkate umeek taula gainean gertatzen denari so egiten geratzeko, eta ikusleenganako hurbiltze prozesu horretan funtsezkoak izan dira Maialen Maritxalarrek sorturiko eremu eszenikoa eta Javi Ullaren argiztapena.

Soiltasun eskematikoa eratu du haietariko bakoitzak bere arloan, eta sen poetiko hori ezin hobeto ezkondu da koreografoaren planteamenduarekin. Bide horretatik, aulki baten babesean deskubritu dugun izaki zuria berdin bizi zitekeen basamortuan edo basoan —paisaia kontzeptuaren irudikapen hutsa ikusi dugu agertokian—, eta noizean behin agertu den astro proiektatua Eguzkia edo Ilargia izan zitekeen, norberaren irudimenaren arabera. Aulkia bera—kadira— inoiz ez da jesarleku bezala erabili, eta batzuetan ezkutaleku izan bada ere, beste batzuetan jostaleku, babesleku eta gehienetan ametsetarako ate bihurtu da, Kristof Hiriarten soinu banda jostagarriaren laguntzaz.

Dantzariek, bitartean, oreka ezinezkoak egin dituzte aulkiaren gainean, izaki zuria aulkiarekin bat eginda zegoelarik, barraskilo bat bere oskolarekin bezalaxe. Baina basoko edo basamortuko izaki magikoaren kontrako babeslekua zena elkarren arteko borrokarako zein jolaserako aitzakia izan da gero, eta giro oniriko polita sortu da hasierako aulkiaren erreplikak han-hemenka agertu ahala.

Bestalde, sormentsuak iruditu zaizkit dantzaren alorrean euskal folkloreari egindako aipamen ia subliminalak —Iturengo joareen pausoak, Baztango irri-dantzak...— eta baita agerikoagoak ere, bi emakumeek gauzaturiko bizar-dantzaren kasuan. Azkenik, aipamen berezia merezi du Ur Apalategik gauari idatzitako olerki ederrak. Idazlearen lerroetan berriz ere elkartu dira soiltasuna eta sotiltasuna, eta pentsamenduen esangura sakonak zentzu berezia eman dio lanaren osotasunari, haren maila artistikoa hitzen poderioz igoaraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.