'Dublindarra'

Joyceren irudizko biografia

Egilea: Alfonso Zapico. Itzultzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Alfonso Zapicok hiru urte behar izan zituen bere obrarik ezagunena sortzeko: Dublindarra. Ziur aski dublindarrik ospetsuena den James Joyceren biografia grafikoa osatzeko, ikerketa-lan sakona egin behar izan zuen, idazlea bizi izan zen hirietara begiak zabal-zabalik bidaiatuz, eta bibliografia zabala baliatu. 2012an Espainiako Komiki Sari Nazionala eskuratu zuen eta, generoan espezialista den Bego Montoriori esker, orain euskaraz ere badugu.

Zapicoren marrazkiek, zuri-beltzaren indarraz gain, oso estilo errealista dute. Detaileak zaintzeko teknika menperatzen du, zertzelada azkarrez irudi landuak egitekoa. Errealismo horrek berdin eragiten die komikian agertzen diren pertsonaiei zein Dublin, Trieste edo Parisko kaleei. Izan ere, Joyceren pausoen atzetik, liburuak XX. mende hasierako Europara eramaten gaitu, Irlandako giro politiko nahasian murgilduz edo I. Mundu Gerraren oihartzunak jasoz, besteak beste. Testuari ohi baino leku handiagoa eskaintzen dio Zapicok komikian. Modu zehatz eta laburrean, testuek Joyceren biografiari testuinguru sozial, politiko eta historiko oso bat ematen diote. Ezinbesteko erreferentzia horiek, aldi berean, idazlearen bizitza eta ibilbide literarioa baldintzatu zituzten beste erreferentzia pertsonalago batzuekin batera agertzen dira; esate baterako, orrialde ugari betetzen dituzte familia, lagun eta artista askorekin izandako harremanek, baita Europako hainbat hiritan bizitzera eraman zuen lan egoera prekarioak ere.

232 orrialdeko komikia Joyceren bizitzaren aldi ezberdinei dagozkien hainbat ataletan banatuta dago. Horietan guztietan idazlearen ideologia, izaera eta jokaera xelebreak ñabardura osoz deskribatuak dira. Halakoekin batera, haren obra literarioa ulertzen lagunduko diguten pasarteak ere etengabe txertatzen ditu Zapicok, Ulysses-en ingurukoei arreta berezia eskainiz, jakina. Anekdota esanguratsuenak aukeratuta, hortik abiatzen ditu beste autore eta artista askorekin izandako hartu-eman gorabeheratsuak, haren sorkuntzan eragina izango zuten bizipenak... Beste muturrean, talentua eta arrakasta uztartzea zein zaila den adieraziko diguten pasarteek ere pisu nabarmena izango dute, ez baita ahaztu behar Joycek idazteko eta argitaratzeko —oro har, bizimodua ateratzeko— izan zituen oztopo handiak.

Literatura unibertsalaren izen prestigiotsuenetako bati buruzko biografia izanik ere, Zapico ez da laudorioz beteriko bidetik jotzeko tentazioan erori. Horren ordez, Joyce alkoholiko, prostituta zale eta zenbaitetan familia eta lanarekiko arduragabea islatu du, haren talentu ukaezinarekiko eta bestelako bertuteekiko kontraste betean. Joyceren irudi erreal eta hurbil hori da, zalantzarik gabe, komikiaren arrakastarako gakoetako bat. Bestalde, egungo hizkera darabil Zapicok garai hartakoak jasotzeko; idazleak bizitzan pairatutako guztiak umore sotil batekin gozatzen ditu, dramatismotik ihesi, baina kontaketa ahalik eta fidel eta errealistena egiteari uko egin gabe. Dokumentazio-lan itzelarekin batera, bi baliabide horien —egungo hizkera eta dramatik urruntzeko joera— erabilera dotorea Dublindarra gomendatzeko enegarren arrazoia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.