Haur eta gazte literatura. 'Indiar txikia'

Jolas sinbolikoetan

Idazlea: Ricardo Alcantara. Itzultzailea: Xabier Olaso. Ilustratzailea: Gusti. Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka.

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Garai bateko indiar eta bakeroen istorio mendebaldarra eskaintzen zaigu album ilustratu honetan, jostalaria eta jolas aldarrikatzailekoa.

Kontakizuna hari xumean dago josia, eta ezuste bat du amaieran, lehen irakurleekin aritzean dagokion legez.

Testuak esaldika errimatzen du, erronka lexiko-sintaktikoak dituzten esaldi luzeetan. Ez da, beraz, irakurketa errazekoa, letra larriz idatzita egonik kontrako irudipena sor lezakeen arren.

Ilustrazio freskoak ditu, fokuan dagoena bakarrik agertzen duten irudi kolore biziekin, marra hautsiekin eta forma errazekin eginak.

Jolas sinbolikoa haurtzaroaren ezaugarrietako bat izaten da, zeinetan partaideak gezurretako mundu batean aritzen diren, euren burua pertsonaia bihurtuta, ingurune asmatuan. Liburu honen aldarrikapena da haurra horrelaxe aritzen dela gusturen, asmamenezko munduan laket izaten, zernahitan aritzen delarik ere, orain indiar, gero pirata. Eta pirataz ari garela, ez ahaztu duela ez hainbeste kaleratu zutela Pamiela-Kalandrakakoek liburu honen senide aldarrikatzailea, Pirata ausarta izenburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.