'Uhartez Uharte'
Idazlea: Katerina Gorelik.
Ilustratzailea: Katerina Gorelik.
Itzultzailea: Imanol Salegi.
Argitaletxea: Ibaizabal.
Uharte bat aparteko unibertso bat dela erakusten digu egileak. Asko ezagututa ere, hurrengo uhartea argitu ezin dugun misterioa izango da, bertaratu arte, Gorelik-en begi jolastietan.
Sanson detektibearen bigarren abentura honetan ere bilaketa jolasak egitea da proposamena, baina, aurreratu dugun bezala, uhartez uharte ibilita: Oskolen uhartea, Kutixi uhartea, Perretxikoen uhartea, Izotz uhartea, Herensugeen uhartea, Kristalezko poteen uhartea, Kaktus uhartea, Mamu uhartea, Ipuin uhartea, eta bidaia-ontzia ere uharte izan daiteke, irudimenari men eginez.
Bilaketa eta jolas liburuak ez dira asko euskal literaturan, ez du inoiz euskal egile batek halakorik egin, baina badira aurrekariak. Esaterako, detektibe lanetan jartzen du Usmafin inspektorearen inkestak (Ikas) adinez goragoko irakurlea, Pista-jokoa oihan misteriotsuan (Ttarttalo) liburuak ipuin enigmatiko batekin xaramelatzen gaitu, eta Arrastoari jarraitu... hirian barrena (Alberdania) hitzik gabekoak hango eta hemengo pertsonaiak aurkitzera bultzatzen gaitu. Dena dela, orain arteko nire kuttunenak ipuinetan barrena garamatza: 1001 ipuin (Ibaizabal).