'W. A. M. We Are Monchichi'
Konpainia: Wang-Ramirez. Zuzendaritza artistikoa, sorkuntza eta koreografia: Honji Wang eta Sebastien Ramirez, dantzarien kolaborazioarekin. Argiak: Cyril Mulon. Musika: Ilia Koutxoukov aka Everydayz. Jantziak: Honji Wang. Dantzariak: Marco di Nardo eta Mathilde Lin. Lekua: Bilboko Azkuna Zentroko auditoriuma. Eguna: Abenduak 10.Oso pieza entretenigarria ekarri du aurtengo Dantzaldiak Bilboko Azkuna Zentrora, eta oraingo babes-neurriak kontuan izanda, bertako auditorioa goraino bete da, ikusleengan sortutako ikusminaren seinale.
Honji Wang eta Sebastien Ramirez frantziar koreografoek oso jatorri desberdinetako bi dantzari bikain elkartu dituzte pieza honetan, eta bien arteko kontrasteak baliatu dituzte giza harremanetan sortzen diren kontraesanez hitz egiteko. Txinatar jatorrikoa da Mathilde Lin, baina frantsestzat jotzen du bere burua —bertan jaioa da—, eta Berlinen bizi da Marco di Nardo napolitarra. Espainieraz, frantsesez, txineraz eta italieraz agurtu gaituzte lehen eszenan —ez zegokeen txarto euskaraz, demagun, «gabon» hitz ahoskaezina esan izan balute—, eta emanaldian zehar ingelesez eta Napoliko dialektoan ere jardun dira batzuetan, ikusleen barreak piztuz pasarte dantzatuen arteko etenaldi umoretsuetan.
Ikusten denez, garrantzia eman diote hizkuntza batzuen erabilerari, haiek direlako kulturen ezaugarri nagusietariko bat, eta aproposak gizakien arteko talka irudikatu nahi izanez gero. Talka horietatik, ordea, esperientzia bizigarriak atera daitezke, eta jolas horretan ibili dira dantzari biak etengabe, bakoitzaren ezaugarriak dantzan jarriz bestearekiko dialogo emankorrean.
Agertokiko ezker aldean kokatuta, zuhaitz zuri handi batek presiditu du enkontrua, eta bi dantzariak eremu zuri batean ibili dira, txantxa dantzatuak egiten batzuetan, serioago besteetan, eta hasierako minutuetatik nabarmendu da Mathilde Linen finezia, Di Nardo atzean, kontrargian eta era diskretuagoan mugitzen zen bitartean. Geroago ezagutu diogu Di Nardori akrobaziarako daukan gaitasun ikaragarria, haren airetiko itzulipurdi sinestezinak dantzaren parametroetan eta, antza, nekerik gabe deskribatzen zituela.
Anartean, Everydayz delakoaren musikak —Ilia Koutxoukov haren atzean— piano notekin eta soinu elektronikoekin girotu ditu dantzarien jolasak, baina soinu-banda oso bariatua izan da, eta gaualdian entzun ditugun konposizioen artean Nick Cave eta Carlos Gardel bezain musikari elkarrezinen doinuak entzun ditugu, ikuskizunaren sortzaileak mundu guztia limurtu nahian ibili izan balira bezala. Atsegintasunaren bide beretik, arropa aldaketa batzuk gertatu dira noizean behin —neskaren kasuan gehienbat—, eta argien diseinua pastel gamako tonuetan mugitu da, efektu politak karrankarik gabe bilatuz. Gauzak horrela, emanalditik hobekien gogoratuko duguna ikusleak dantzarekin gozatzearen guraria izango da, eta, horrekin batera, zelan ez, dantzari biek mugimendu-kalitatean erakutsi duten bikaintasun ukaezina.