«Erabakita nuen: Marta hiriko alkate bihurtzen ahaleginduko nintzen. Bizitza guztian gustura egingo nuen lehenengo lana izango zen», aitortzen du PSE-EEko zinegotzi Martaren figura politikoaren eraikitzaile izango den mutil-lagunak. Berak zuzenduko baitu Martaren hautagaitza hiriko alkate izendatu dezaten. Apika, Politika zikina (Elkar, 2017) nobela labur honen gauzarik interesgarrienetarikoa aukeratutako ikuspuntua izan daiteke. Joko-teorietan oinarrituta, politikaren gaineko liburu piloa irakurri ondoren, aspalditik langabezian dagoen tipo batek zinegotzi arrunt bat hiri bateko politikaren gailurretara eramateko abileziaren, desiraren eta beharrizanaren erretratu interesgarria ehundu baitu Iñaki Irasizabalek (Durango, 1969). Tokiko euskal politikagintzara egokitutako Game of Thrones bat —nobelan bertan telesailari egin keinua adierazgarria da—. Bizimodua ateratzeko lanabes bihurtu baita aspaldian politika, edo politikagintza profesionala nahi bada, ideologiaren zaintzaileak bestelako gauza bat saltzen saiatu arren.
Tronuetan jesartzeko grina arrazionalak azaleratu nahi izan ditu durangarrak bere azken entrega honetan, eta esango nuke edukiak berak erakargarriagoa egiten duela istorioa bere azken nobela beltzetan narratutakoa baino, mami gehiago baitu, narratzailearen hausnarketak eta botere borrokak bilakatuko baitira nobelaren aingura lokaztuak, tramaren nondik norakoa gorabehera. Izan ere, nobela beltzaren eremuak oparo jorratu ondoren, hala nola, Aita gurea edota Odolaren deia lanetan, iruzkingile honek irakurritako haren azkenak aipatzearren, nahiko agortuak baitzituen bide berriak ibiltzeko aukerak, beste azpi-genero bat aukeratu ezean.
Michael Ignatieffen aipu batekin hasten da nobela. Kanadako presidente izateko hautagai eta idazleak nobela osoaren gakoa emango digu: «Hauteskunde batzuetan ginela uste nuen, baina reality-show batean geunden». Euskal Herrian ideologiak oraindik orain pisu gehiago duela irakurri izan dugu sarri baino sarriago, baina eguneroko politikaren tripakiak eta postuak lortzeko lasterketen berri daukanak ondotxo daki ez dela horrelakorik. Podemos edo antzeko alternatibetan —zer esan alderdi tradizionaletan aurkitutako ustelkeriaz— izandako borroka pertsonal latzak dira horren lekuko. Irasizabalek oso egoki islatzen ditu Marta pertsonaiaren ustezko ideologiaren atzean dauden ezerezak, norberaren karrera politikoa baita xede bakarra.
Apika, nobelak badu, narrazio errealista izanik, sinesgarritasun faltaren zantzurik ere. Nagusia, ene aburuz, eta narrazio errealista bera erauzteko ahalmena duena beharbada, zera litzateke: Martaren alkatetzarako hautagaitza sustatzeko Josebak aukeratzen duen elementu bereizgarria, elementu hori euskara izatea ez baita oso sinesgarria PSE-EEko zinegotzi baten buruan, gainerako hautagaiek estralurtartzat jotzea nahi ez badute bederen.
Sinesgarritasun konturen bat edo beste gorabehera, Irasizabalek artisau fina dela erakusten digu beste behin ere. Euskal literaturan maiz erabili den txirrindularitzaren konparazioa ekarrita, esan genezake durangarra ur-eramaile bikaina dela, tropelean doazenei zein lider nagusiei egundoko lana eskainiz; batez ere edukiak erakargarriak direnean, generoak ezarritako mugei itsuki jarraitu beharrean. Gustura irakurtzen den nobela laburra sortu du durangarrak, eta argi utzi du politikagintzari joko-teorien kutsua dariola.
'Politika zikina'
Joko-teorien armiarma
Egilea: Iñaki Irasizabal. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu