Kritika. Musika

Jertse berria

Zauria
Andoni Tolosa.
2023ko abenduaren 24a
05:15
Entzun

ZAURIA

'Zauria'
Bidehuts

Disko batzuk entzutea, egun euritsu batean etxera sartu, zapata bustiak kendu, galtzerdiak aldatu eta txapinak janztea bezalakoa da: plazera, keinurik diskretuen, ohikoen, mundura itzultzen den unea. Disko horiek hari sotilez jositakoak izan ohi dira. Neurrira egindako jertse baten modukoak. Gozoak eta beroak, nahiz eta, hasieran, artilea ona izaki, zakar-samarrak ere gertatzen diren, azkura eragiteraino. Horrelakoa da Baxi Ubedak (Akauzazte, Jupiter Jon) eta Gorka Jimenezek (Psych Out) ondu duten Zauria. Sutondoan entzuteko disko horietako bat.

Artegatasunetik paraje onirikoetara, melodiatik paisaia lehor errepikakorretara, musikalki, bi enbor ditu kantu-bilduma honek: alde batetik, hainbat unetan, folketik hurbil dabilen pop minimalista eta preziosista; eta, bestetik,esentziara murriztutako post-punk rockeroagoa. Era berean, bi dira, kontzeptualki, lan honen osagarriak: Baxi Ubedaren gitarra garbiak, eta irudiz betetako Gorka Jimenezen testu enigmatikoak. Lehenik eta behin, jotzailea gitarra sare bat ehuntzen hasten da; geldo, aienerik eta iskanbila handirik gabe, baina, etenik gabe. Atsedenik hartu gabe. Gitarren ehun horren gainean hasiko da Gorkaren ahotsa haren istorio inpresionistak marrazten. Kantutik adina elkarrizketatik edaten duen ahots natural, hurbil eta barnerakoia da harena: azkar batean etxekoa gertatzen den horietakoa.

Esan daiteke kantu laburrez jositako lelo gutxiko diskoa dela hau. Ohiko pop egituratik ihes egiten duten hamabost kantu ditu, baina ordu erdia baina apur bat gehiago irauten du, hortik atera kontuak. Sarrera gozoa da: Gladys instrumental folkia eta Adur eta Ekhi gozoa. Zakarragoa da ondorengo Buda Buda Frisco; batez ere haren riff blueszale errepikakorrak eragiten duen sentsazioa da, badu puntu lisergikoa kantu honek. Pop aldera egiten du Krista Kranke-k, melodiak argitara egiten du leloa hurbildu ahala. Bai, bai, kantu honek badu leloa. Beste instrumental labur batek, Xerlock Holmes-ek, bide egiten dio Malatesta lehorrari. Bertan, noizean behin, gitarrak marrazten dituen melodiak egiten dio kontrapuntua kasik errezitatzen ari den ahotsari. Argitsuagoak dira Katiuskak Kanpora eta Begien Isla. Hortik aurrera bide beretik doa: Yiayali eta Puff Puff Txoria instrumentalak. Tinko So eta Xilofagoen Bazka erritmiko eta zakarragoak. Iluntasun Likidoa eta Ulisesen itzulera folk eta gozoagoak. Eta diskoa ixteko, pianoak gitarraren lekua hartzen du, eta edertasun hauskorreko —lau minutuko!— Eguzkipean oparitzen digute.

Badakit hau ezin dela egin, baina, zenbait unetan, Durutti Column-en garai inspiratuenak ekarri dizkit gogora. Agian, erreferentzia horrek neure analogia txatxuek baino argiago azalduko du zer topatuko duen entzuleak Zaurian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.