Zygmunt Bauman soziologo, filosofo eta saiakeragileari zor diogu modernitate likido terminoa, eta Nerea Arrien idazleari Baumanen teoriaren gorpuzte literarioa Jende likidoa ipuin-liburuarekin. Irakurleak, baina, obra osatzen duten hamabi kontakizunetan zehar ez du aurkituko teoria horren azalpenik, ezta apologiarik ere, ezpada errealitate modernoaren erradiografia askotariko bat, juzgurik barik, guztiz diskurtso deskribatzaile eta polikromoz ondua. Bestela esan, Arrienen lanak errealitate likido horretako osagaiak testuratzen ditu, legoaren piezak erakusten diren-direnean; polimaitasuna handik eta hemendik, plastikozko gorputzak barra-barra, eta aldakortasuna, moldatzeko gai diren izaki kamaleonikoak deskribatzen dira etengabe. Irakurlea izango da, eta ez idazlea, pieza eta artefaktu horiekin zer egingo duen, eta deskribatzen zaizkigun errealitateez zer iritzi duen erabakiko duena. Horra hor Nerea Arrienek proposatzen digun jolas literarioa.
Kresal usaina darie kontakizunei. Estilo lirikoz eta poetikoz blaitutako prosan, itsasoarekin egiten du jolas idazleak, eta honen inguruko metaforen (inoiz, alegoriak ere badirenak) bitartez narrazioak garatzen. Itsasoa dugu, hortaz, pertsonaien egoera kontatzeko eta istorioetako trama eraikitzeko motibo eta tropo sostengatzaile nagusia. Kasu batzuetan, itsasoaren erabilera poetiko horrek indarra eman dio obrari; besteetan, ahuldu egin duela iruditu zait. Izan ere, urarekin egiten den jolasak intentzio edo nahitasun bat ematen dio obrari: liburuaren egiturak eta formak, hautatutako baliabide estilistikoek eta edukiak berak ere helburu zehatz bati egiten die men, eta, ondorioz, obraren osotasunak zentzua hartzen du. Ordea, baliabide bat une oro agertzeak, demasa ustiatzeak arrisku bat izan lezake: monotonia. Eta, kasu honetan, hori da irakurle bezala nozitu dudana; zenbait ipuinetan asko estimatu dudan ariketa literarioa izan baita, baina beste hainbatetan aurresangarri eta nekosoegia iruditu zait. Laburtasunak, iradokitzeak eta tentsioak, besteak beste, egiten dute ipuin bat ipuin, eta Arrienen kontakizunetan laburtasunik falta ez bazaigu ere, pare batetan iradokitzearen eta tentsioaren falta sentitu dut. Dudarik barik, estilo zuzenagoz jositako ipuinak iruditu zaizkit finenak, lortuenak.
Testuartekotasunetik ere asko dute kontakizunek, inplizituki eta tantaka, euskal literaturako obra esanguratsuen aztarnak uzten baititu: ohe azpiko krokodiloak eta hamaseigarrenean aidanez egiten duten pertsonak, askoren artean. Esplizituki ere egiten da literatur lanen arteko aipamenik, baina, testuartekotasun agerikoan zerbait nabarmentzekotan, musikarekin sortzen duen giroa izango litzateke. Beti da aberasgarria beste lan eta sistema artistikoei keinu egitea, eta idazleak maisutasunez ustiatu duen alderdia da hau. Kolore urdinez margotutako eta musikaz girotutako konposizio sorta dakarkigu Nerea Arrienek gaurkoan; itsaso bete istorio, itsaso bete errealitate. Nire herrian esango genukeen legez: itsosupetekue.
Literatura. 'Jende likidoa'
Jende (h)ura
Idazlea: Nerea Arrien. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu